Euri-jasek sortutako ondorioak zenbatzen eta bideratzen dabiltza
Egueneko euri-jasa gogorrek uholdeak sortu zituzten Bizkaian, eta Gernika eta Muxika izan ziren kalte gehien jasan zituzten herri bi. Egunotan, garbiketa lanetan aritu diraEuri-jasa gogorrak izan ziren eguenean Bizkaian, eta uholdeak eragin zituen zenb...
Egueneko euri-jasa gogorrek uholdeak sortu zituzten Bizkaian, eta Gernika eta Muxika izan ziren kalte gehien jasan zituzten herri bi. Egunotan, garbiketa lanetan aritu dira
Euri-jasa gogorrak izan ziren eguenean Bizkaian, eta uholdeak eragin zituen zenbait herritan, tartean, Busturialdean. Muxikan, Gernika-Lumon eta Mungian sortu zituen arazorik larri- enak, eta asteburuan garbiketa lanetan eta kalteak zenbatzen aritu dira.Euri denboraleak hainbat ondorio kaltegarri eragin zituen eskualdean, eta hurrengo egunean oraindik suhiltzaileak ura ateratzen aritu ziren hainbat garaje eta etxe azpietatik.
Eskualdeko herri kaltetuena izan zen Muxika, eta bariku goizean kalteak zenbaterainokoak izan diren ikusteko izan zen Muxikako alkate Aitor Goldaraz. Eguen gaueko egoeragaz alderatuta, «askoz hobeto» ikusi zuen barikuan egun argiz Goldarazek. Hala ere, eguenean bizitakoak jendea «triste eta indargabetuta» utzi zuela azpimarratu zuen. «Atsekabez» bizi izan zuen eguenekoa herriak; izan ere, ura «indar eta abiadura handiz sartu zen herriko etxeetara, eta denbora gutxian, gainera». Ezbeharraren ostean, asteburuan garbiketa lanetan aritu dira herriko etxe, enpresa eta tabernetan.
Suhiltzaileek, gainera, jendea erreskatatu behar izan zutela azaldu du: «Datu zehatzik ez daukagu, baina Kurtzeroan dozena erdi bat lagun erreskatatu zituzten motordun lantxekin eta sokekin, urak arrastaka eramanda eta zuhaitzetara helduta egon zenik ere izan zen eta; olatuak etortzen ziren». Inguru hartako etxebizitzetatik ere jendea irtenarazi behar izan zuten, eta baita herriko beste auzotako zenbait baserritatik ere. 19:00ak inguruan atera zituzten etxebizi- tzetatik. Kurtzeroan dagoen Zubieta Errota kultur etxea ere ordu horretan itxi zuten, eta han zeuden herritarrak irtenarazi zituzten. Bertako sistema informatikoa hondatuta geratu zen, eta barikuan oraindik ur putzuak zeuden barruan.
Zubieta Errota ondoko aparkalekua ere urez bete zen, eta bertan zeuden autoak kaltetu zituen urak. Bariku goizean oraindik ere lanean aritu ziren garabiagaz bertan geratzen ziren autoak ateratzen.
Abisuak «beti» izaten diren arren, oraingoan ez dela abisurik ailegatu aipatu du herriko alkateak, eta horrek herritarrak informatuak izatea zaildu du. Hala ere, haserreak gerorako utzi behar direla azpimarratu du, eta, orain, «lan egiteko eta herritarrekin egoteko unea» dela nabarmendu du. Kalteak zenbaterainokoak diren ebaluatzen aritu da Muxikako Udala, informazio hori guztia esku artean, herritarrei laguntzeko zer egin daitekeen aztertzen ari dira udaletxean. Aseguruen Partzuergoagaz harremanetan jarri, eta jarraitu beharreko pausoez jardungo dira, hartara, auzotarrak jakinaraziko dituzte egin behar dutenaz. Bitartean, kalteak zenbaterainokoak izan diren egiaztatzen duen informazio guztia jasotzeko deia egin diete herritarrei; «argazkiak, bideoak… baliogarria izan daitekeen guztia».
Eguenean sortutako uholdeen ondorioz, hainbat izan ziren lanetik atera ezinik edo beharrera joan barik geratu zirenak. Etxerako bidean ere hainbat eta hainbat lagun geratu ziren harrapatuta.
Ur putzuen ondorioz, BI-635 errepidea itxi zuten eguen iluntzean, eta gauerdian ere egoera berean jarraitzen zuen bideak. Hurrengo goizerako, baina, errepidea irekita zegoen, eta inguruko herritarrek beraien bizimoduagaz aurrera egiteko aukera izan zuten era batean edo bestean. Urak harrapatuta geratu ziren asko Muxikan; beste batzuek buelta eman eta beste bide bat hartzeko aukera izan zuten. Zugastietako errepidea erabat estali zuen urak eguenean, eta oraintsu jarritako kale argietara eta autobus aterpera iritsi zen ura. Hala, tren geltokiko aparkalekutik bideratu zuten zirkulazioa. Lur-jausiak ere izan ziren herriko hainbat gunetan, eta garabiek lan handia izan zuten kaltetutako autoak eramaten.
Kurtzero auzoan, metro batera heldu zen ur maila, eta lokatzez beteta utzi zituen urak inguruko bazter guztiak. Beldurgarritzat jo zuten herritarrek bizi izandakoa, eta guztia bat-batean gertatu zela azpimarratu zuten.
Tren zerbitzua ere eten egin zuten Gernika eta Zornotza artean eguen arratsaldean, eta bariku goizean hala jarraitu zuen. Autobusez egin behar izan zuten bidaia herritarrek.
Eguenean bertan, suhiltzaileak, udaltzainak, ertzainak, Gurutze Gorrikoak… Guztiak lanean aritu ziren euriak eragindakoak txarrera egin ez zezan. Ajan- gizko Kanpantxu auzoan, esaterako, zenbait lagun erreskatatu behar izan zituzten Gurutze Gorrikoek, eta suhiltzaileek ere gauza bera egin zuten Muxikan urak harrapatuta autoetan ezin atera egon zirenekin.
Ikusmira handia sortu zuen egueneko egoerak, eta Oka errekaren inguruan ere lagun ugari bildu ziren gauean, Gernika-Lumoko Errenteria auzoan. Gauerdirako mareak gora egitea aurreikusita zegoen arren, gaueko azken orduetan ez zuen euririk bota, eta errekako uraren maila beheraka hasi zen 22:00ak alderako. Gernika-Lumon, baina, errekak gainez egin zuen hainbat tokitan; Errenterian, Ibarran eta Bekoibarran, kasurako, eta urez bete ziren gune horiek.
Ean, garbiketa lanetan
Eskualdeko beste hainbat herritan ere euri-jasak izan zuen eraginik. Ean, esate baterako, lokatzez beteta geratu ziren erreka inguruko kaleak. Ezusteko itzela hartu zuten herritarrek; hainbat etxebizitza, taberna, garaje, banketxe, soto eta lokaletara sartu zen ura.
Halaber, Altxikar auzoan lurjausia ere gertatu zen, eta zenbait garaje eta lokal hartu zituen urak. Atzo oraindik ere lokatzez beterik zeudela azaldu zuten.
Bolondres talde batek eta udal langileek barikuan egunak argitzeagaz batera ekin zieten garbiketa lanei, eta zapatuan ere zeregin horretan jarraitu zuten. Aitor Okamika jarduneko alkateak zehaztu duenez, atzo oraindik ere garbiketa lanekin jarraitzen zuten.
Udaletxe atzeko aparkalekura igarotzeko dagoen zubi parean egin zuen gainezka errekak. Bat-batean urez beteta geratu zen ingurua, eta udalerria zeharkatzen duen errepide nagusia moztuta geratu zen (Donibane Enparantza).
«Oraindik kalteak baloratu gabe daude. Ezustekoetarako laguntzak aktibatzeko edo martxan jartzeko asmoa daukagu; herritarrak udaletik pasatu beharko dira kaltetuak eta kalteak zenbatekoak izan diren jakiteko», adierazi du Okamikak.
Udalak jakitera eman duenez, aste honetan «bolumen handiko zaborren bilketa» egingo dute, eta horretarako, bizilagunei eskatu diete «trastoak etxeetatik hurbilen dituzten edukiontzien gunean uzteko».
Aipatutako herrietan ez ezik, Bermeon eta Amoroton ere sortu ziren ur putzuak, eta lur-jausiak izan ziren Ibarrangelu, Errigoiti, Arratzu eta Gizaburuagan, aldundiak zehaztu duenez.