Umetatik kirolari nekaezina da Unai Apraiz (Bermeo, 2002). Futbola, igeriketa, tenisa, duatloiak, triatloiak… denetarik probatu du, eta 15 urte besterik ez dituen arren, argi dauka zein den bere ametsa. Triatleta olinpikoa izan gura du, eta 2024an Parisen jokatuko diren olinpiar jokoak ditu begiz jota. Halaber, mundu mailako (world series) txapelketa eta probetan parte hartu gura luke.
Unai Apraiz Kanadan bizi den triatleta bermeotarra.
“2024 urrun badago ere, egunero hobetzea funtsezkoa da, eta egin beharrekoak gainditzeko gai izatea ez da gutxi. Bidea gozatzea da helburua; bitartean, entrenatzen eta lehiatzen gauza zoragarri asko bizi daitezke”, azaldu du Apraizek.
2014tik Kanadako Manitoba probintziako Winnipeg hirian bizi da bermeotarra. Hara heldu eta udaberrian Manitoba Triathlon Center taldean hasi zen; bere taldean elite mailako hamabost bat triatleta daude. Ordutik ibilbide oparoa bete du, eta probaz proba zelan hobetu den ikusi du. Hain zuzen, iaz Manitobako U15 Txapelketa irabazi zuen, eta gaur egun bere adineko Kanadako eta AEBetako triatleta onenen artean egotea lortu du.
Askotariko kirolak
11 urtegaz futbolean eta eskola lasterketetan aritzen zen Bermeon. 2013an igeriketa eta tenisa uztartu zituen Australian, eta 2014tik triatloiak eta duatloiak lehiatzen ditu.
Hastapenetatik txirrindulari ona eta korrikalari azkarra zela esan zioten entrenatzaileek, baina igeriketan hobetu behar zuela eta, 2016an igeriketa probetan parte hartzen hasi zen Manta taldeagaz –arreba Elene ere taldeko igerilaria da–. “Gary Pallet da entrenatzailea, eta hark aholkatu zigun igeriketan hobetzeko zerbait egitea”.
Pallet izen handiko entrenatzailea da, eta punta-puntako kirolariekin esperientzia dauka. Izan ere, besteren artean, gaur egun erretiratuta dagoen Sarah Ann Braultekin, gaur egungo Kanadako elite eta nazional mailako Under 23 txapeldun den eta 2016ko Rioko olinpiar jokoetan parte hartu zuen Tyler Mislawchuckekin eta 2016ko paralinpiar jokoetan lehiatu zen Chantal Givensekin lan handia burutu du, eta haien ibilbideen garapenean giltzarria izan da. “Elite mailan aritzeko zelako prestaketa eta errendimendua behar dugun azaltzen eta irakasten digu. Eredu bat da, eta haren laguntza edukitzeagatik zorte handia daukagu”.
Entrenamendu zorrotzak
Eliteko edozein kirol lehiatzeko gogor entrenatzea behar-beharrezkoa da, eta Apraizek 20-25 ordu entrenatzen ditu astean –6 egunetan–. Triatloi taldeko entrenamenduez gain, goizetan igeriketako entrenatzaileagaz jarduten da, eta arratsaldetan sendotze entrenatzaileagaz gimnasioan aritzeagaz batera, bizikletan (indoor) eta Manitoba Unibertsitateko indoor pistan korrika egiten du.
“Orain Palletekin entrenatzez gain, Daryl Hurrie fisiologoaren laguntza izango dut denboraldia hobeto planifikatzeko”. Gainera, Vincent Massey atleta-kirol eskolan onartu dute, eta behar izanez gero, zenbait kirol eta ikasketa zerbitzu berezi ditu aukeran. Azaldu duenez, neguan igeriketa eta oinezko lasterketetan hobetzea du asmo, eta udaberrian txirrindularitza izango da protagonista.
Gazte mailatik junior mailara pasatu berri da. Hala, distantzia berrira egokitzea tokatzen zaio: 750 metro igerian, 20 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika. 2017an youth elite mailako 11 bat lasterketa lehiatu zituen Kanadan eta AEBetan, eta aurten gehiago izango direla aurreikusten du: “Junior bezala edozein esprint lasterketetan parte hartu daiteke, beraz, distantziara egokitzeko, babesleak aurkezteko eta sariak jasotzeko lasterketa gehiago eta hobeak daude aukeran”.
Orain arteko lasterketa gogorrena Ottawan lehiatutako 2016ko Kanadako Triatloi txapelketa izan dela adierazi du. Zortzigarren sailkatu zen, eta non zegoen ikasteko eta aurkarien maila bertatik bertara ikusteko baliagarria izan zitzaion.
Iaz, berriz, gazteen elite kategorian estreinatu zen. AEBetako onenen kontra lehiatu zen, eta esaterako, Iowan jokatutako Youth Elite Cup Des Moniesproban-en bigarren geratu zen, eta Wisconsinen lehiatutako Youth Elite Cup Pleasant Prairie lasterketan seigarren.
Aurtengo erronka berriei ekiteko gogotsu dago bermeotarra. Asko dauka ikasteko, eta kirolari moduan trebatzen jarraitzeko ilusioa dauka. “2018a interesgarria izango da: kategoria berria, talde berria, entrenamendu eta distantzia berriak, gazte joko olinpikoen sailkatze fasea, Kanadako eta AEBetako junior eliteko probak, 2018ko Kanadako triatloi txapelketa…”. Besteak beste, apirilaren amaieran Ekuadorreko Salinas hirian izango den Ameriketako herrialde guztietako triatleten PATCO America txapelketara sailkatu nahi du. Kanada zazpi triatletek ordezkatuko dute, eta bere mailan neska eta mutil banak edukiko dute sailkatzeko aukera. Eta urrian, Buenos Airesen (Argentina) izango diren 2018ko gazte olinpiar jokoetan parte hartzeko asmoa dauka. Badaki hara heltzeko bidea ez dela erraza. Baina adoretsu egunero gogor lan egiten du bere ametsak lortzeko.