Herriz herri, auzoz auzo txangoak egiteko hamaika aukera daude Lea-Artibaiko eta Busturialdeko udalerrietan, baina ibilbide gutxi dira bi eskualdeak lotzen dituenak. Ardoaren eta Arrainaren ibilbideak kostaldeko eta barrualdeko hainbat udalerri zeharkatzen ditu. Horrela, lekuan lekuko ondare aberatsean geldialdia egin, eta bide batez gastronomiaz gozatzeko aitzakia eskaintzen du.
Erdi Aroan hasi eta XX. mendearen hasiera arte, batik bat ardoa eta arraina kostaldeko eta barrualdeko herrien artean elkartrukateko erabiltzen zen, baina bestelako merkatu-gaiak ere garraiatzen zituzten handik, Bizkaiko burdina eta Gaztelako artilea, esate baterako. Beraz, eginkizun garrantzitsua betetzen zuen garai batean; merkataritzaren banaketarako eta gizarte harremanetarako bidea zen.
Arrain fresko eske
Arraina batez ere negu sasoian esportatzen zuten, mandazainek kostaldeko zenbait herrietako arrantzale kofradietan eskatzen zuten arrain freskoa. Tenperatura baxuak eta elurrak arraina upeletan sartuta zegokion lekura egoera onean heltzea ahalbidetzen zuten.
Bestalde, Araba, Errioxa, Nafarroa eta Gaztelatik heltzen ziren Bizkaira garia, gatza, ozpina eta ardoa.
Busturiko Alarbin Goikoa baserria.
Barrukaldeagaz trukeetarako ibilbide komertzialen helmuga bihurtu ziren Bermeo, Lekeitio eta Ondarroa, eta Durangotik Urkiolako mendatea pasatuta heltzen ziren Arabara.
Arraina Erdi Aroko dietaren oinarrietako bat izan zen; sardina eta bisigu freskoak gazitu edo ketu, eta merkatu askotan saltzen zituzten.
Arraina eta zereala trukatzen zituzten hasieran, baina, beranduago, Arabar Errioxako ardoa zabaltzen hasi ziren. Gutxi batzuek eskuratu zezaketen luxuzko produktua zen garai hartan, eta berehala garrantzia handia hartu zuen. Hain zuzen ere, bertoko txakolina baino gehiago estimatzen zuten, eta garestiagoa zen.
Ondare eta paisaia anitza
Ardoaren eta Arrainaren ibilbideak kultur ondare aberatsa biltzen du. Izan ere, orduko dorretxe, baserri, jauregi, eliza, ermita, iturri, karobi, burdinola edota erroten arrastoak zein egoera onean mantendu direnak zeharkatzen ditu.
Adibide batzuk aipatzearren, Bermeoko, Lekeitioko eta Ondarroako portuak, Busturiako Alarbingoikoa eta Larragoko iturria, Munitibarko Ambre baserria eta San Lorenzo ermita, Mendatako Ikeria errota, Albiz dorrea eta Goikoetxea baserria, Muxikako Maume auzoko Olea Burdinola eta galtzada zaharra, Gizaburuagako burdinola, Markina-Xemeingo Erdotzako Santa Mariaren ermitak eta Barroeta Dorrea bertatik bertara ikusteko, eta garai hartan horietan zegoen jarduna irudikatzeko aukera proposatzen du. Bertoko bizilagunentzat zein datozen bisitarientzat esperientzia ederra bezain aberatsa da.
Araba eta Bizkaia artean hamar etapak osatzen dute Ardoaren eta Arrainaren ibilbidea. Garai batean batzuentzat lana zena, gaur egun naturaz, kirolaz eta lekuan lekuko gastronomiaz gozatzeko aisialdiko aukera bihurtu da.
Bertoko kultur ondarearen parte diren horiek, duela seiehun urtetik gorako bi eskualdeetako bizimodua ulertzen laguntzen dute. Paisaia zoragarriez gozatu bitartean, Bizkaia eta Araba arteko kultur bidaia proposatzen du Ardoaren eta Arrainaren ibilbideak.
Mendi garaiak, itsosoko kresala, haitzuloak, haran berdeak, hodantza zabalak, portuak, arrain-ontziak, itsasoko ezkutuko kalak, baso liluragarriak eta bizirik dauden antzinako ohiturak batzen dira ibilbide bakarrean. Bost zentzumenentzat gozagarri, hamaika herriren iragana eta orain uztartzen dira ibilbide bakarrean.
Etapak:
1) OION – GUARDIA
Distantzia. 19,6 km.
Desnibela. 343 m.
Denbora. 5:10.
Zailtasuna. Ertaina.
Muxikako Maume auzoko galtzadatik pasatzen ziren
2) GUARDIA – ALBAITA
Distantzia. 22 km.
Desnibela. 833 m.
Denbora. 5:30.
Zailtasuna. Ertaina.
3) ALBAITA – ESTIBALIZ
Distantzia. 23,1 km.
Desnibela. 441 m.
Denbora. 5:30.
Zailtasuna. Ertaina.
4) ESTIBALIZ – OTXANDIO
Distantzia. 37,5 km.
Desnibela. 597 m.
Denbora. 9:00.
Zailtasuna. Handia.
5) OTXANDIO – DURANGO
Distantzia. 19,5 km.
Desnibela. 371 m.
Denbora. 5:00.
Zailtasuna. Ertaina.
6) DURANGO – GERNIKA
Distantzia. 25,9 km.
Desnibela. 895 m.
Denbora. 6:40.
Zailtasuna. Handia.
7) GERNIKA – BERMEO
Distantzia. 19,3 km.
Desnibela. 577 m.
Denbora. 4:00.
Zailtasuna. Ertaina.
8) MASKAGAKORTA – SANTUTXU
Distantzia. 16,9 km.
Desnibela. 708 m.
Denbora. 5:00.
Zailtasuna. Ertaina.
9) SANTUTXU – LEKEITIO
Distantzia. 10,8 km.
Desnibela. 613 m.
Denbora. 3:00.
Zailtasuna. Ertaina.
10) SANTUTXU – ONDARROA
Distantzia. 12,5 km.
Desnibela. 323 m.
Denbora. 3:15.
Zailtasuna. Ertaina