Euriak etenik ez zuen izan atzo, eta horrek hainbat ondorio kaltegarri eragin ditu eskualdean. Gaur, oraindik, suhiltzaileak ura ateratzen ari dira hainbat garaje eta etxe azpietatik.
Eskualdeko herri kaltetuena izan zen Muxika, eta gaur goizean kalteak zenbaterainokoak izan diren ikusteko izan da Muxikako alkate Aitor Goldaraz. Atzo gaueko egoeragaz alderatuta, “askoz hobeto” ikusi du gaur egun argiz Goldarazek. Hala ere, atzo bizitakoak jendea “triste eta indargabetuta” utzi duela azpimarratu du. “Atsekabez” bizi izan zuen atzoko eguna herriak; izan ere, ura “indar eta abiadura handiz sartu zen herriko etxeetara, eta denbora gutxian, gainera”. Atzoko ezbeharraren ostean, gaur garbiketa lanetan ari dira herriko etxe, enpresa eta tabernetan.
Suhiltzaileek, gainera, jendea erreskatatu behar izan zutela azaldu du: “Datu zehatzik ez daukagu, baina Kurtzeroan dozena erdi bat lagun erreskatatu zituzten motordun lantxekin eta sokekin, urak arrastaka eramanda eta zuhaitzetara helduta egon zenik ere izan zen eta; olatuak etortzen ziren”. Inguru hartako etxebizitzetatik ere jendea irtenarazi behar izan zuten, eta baita herriko beste auzotako zenbait baserritatik ere. 19:00ak inguruan atera zituzten etxebizitzetatik. Kurtzeroan dagoen Zubieta Errota kultur etxea ere ordu horretan itxi zuten eta bertan zeuden herritarrak irtenarazi zituzten. Bertako sistema informatikoa hondatuta geratu zen. Gaur oraindik ur putzuak izan dira barruan.
Zubieta Errota ondoko aparkalekua ere urez bete zen eta bertan zeuden autoak kaltetu zituen urak. Gaur goizean oraindik ere lanean aritu dira garabiagaz bertan geratzen ziren kotxeak ateratzen.
Abisuak “beti” izaten diren arren, oraingoan ez dela abisurik ailegatu aipatu du herriko alkateak, eta horrek herritarrak informatuak izatea zaildu du. Hala ere, haserreak datorren asterako utzi behar direla azpimarratu du, eta, orain, “lan egiteko eta herritarrekin egoteko unea” dela nabarmendu du. Momentuz, kalteak zenbaterainokoak diren ebaluatzen ari da Muxikako Udala, eta informazio hori guztia daukatenean ikusiko dute udaletxean zer egin daitekeen. Aseguruen Partzuergoagaz harremanetan jarri, eta jarraitu beharreko pausoez jardungo dira, hartara, auzotarrak jakinaraziko dituzte egin behar dutenaz. Bitartean, kalteak zenbaterainokoak izan diren egiaztatzen duen informazio guztia jasotzeko deia egin diete herritarrei; “argazkiak, bideoak… baliogarria izan daitekeen guztia”.
Uholdeak sortu ziren han eta hemen atzo iluntze partean, eta hainbat izan ziren lanetik atera ezinik edo beharrera joan barik geratu zirenak. Etxerako bidean ere hainbat eta hainbat lagun geratu ziren atzo harrapatuta.
Uholdeak Muxikan. Iturria: watsapp.
Ur putzuen ondorioz, BI-635 errepidea itxi zuten iluntzean, eta gauerdian ere egoera berean jarraitzen zuen bideak. Goizerako, baina, errepidea irekita egon da, eta inguruko herritarrek beraien bizimoduagaz aurrera egiteko aukera izan dute era batean edo bestean. Urak harrapatuta geratu ziren asko Muxikan; beste batzuek buelta eman eta beste bide bat hartzeko aukera izan zuten. Zugastietako errepidea erabat estali zuen urak atzo, eta oraintsu jarritako kale-argietara eta autobus aterpera iritsi zen ura. Hala, tren geltokiko aparkalekutik bideratu zuten trafikoa. Lur-jausiak ere izan ziren herriko hainbat gunetan, eta garabiek lan handia izan dute kaltetutako autoak eramaten.
Kurtzero auzoan, metro batera heldu zen ur maila atzo, eta lokatzez beteta utzi zituen urak inguruko bazter guztiak. Gaur goizean oraindik ere herritarrek atzo bizitako momentuak beldurgarritzat gogoratzen dituzte, eta guztia bat-batean gertatu zela azpimarratzen dute.
Tren zerbitzua ere eten egin zuten Gernika eta Zornotza artean atzo arratsaldean, eta momentuz, hala jarraitzen du. Trenaren ordez, autobusez egin behar dute bidaia herritarrek. Bermeorako norazkoan, Muxikan autobusera igo behar dute bidaiariek Gernikarainoko bidea eginez. Behin bertan, trena har dezakete Bermeorako norazkoan. Zornotzarako norazkoan, berriz, Gernikan autobusa hartu eta Zornotzaraino egin beharko dute bidea, eta bertan trena hartzeko aukera izango dute.
Suhiltzaileak, udaltzainak, ertzainak, Gurutze Gorrikoak… Guztiak lanean aritu ziren euriak eragindakoak txarrera egin ez zezan. Ajangizko Kanpantxu auzoan, esaterako, zenbait lagun erreskatatu behar izan zituzten Gurutze Gorrikoek, eta suhiltzaileek ere gauza bera egin behar izan zuten Muxikan urak harrapatuta kotxeetan ezin atera egon zirenekin.
Ikusmira handia sortu zuen egoerak, eta Oka errekaren inguruan ere lagun ugari bildu ziren atzo gauean, Gernika-Lumoko Errenteria auzoan. 00:00ak ingururako mareak gora egitea aurreikusita zegoen arren, gaueko azken orduetan ez zuen euririk bota, eta errekako uraren maila beheraka hasi zen 22:00ak alderako. Gernika-Lumon, baina, errekak gainezka egin zuen hainbat puntutan; Errenterian, Ibarran eta Bekoibarran, kasurako, eta urez bete ziren gune horiek.
Ikusi hemen argazki galeria
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.