Disko berria eta berezia kaleratu du Rafa Rueda musikariak (Mungia, 1972). ‘Hiri kristalezkoa’ lan kolektiboa da, baina bakarka aurkeztuko du gaur Talako Kantinan
Rafa Ruedaren emanaldia hartuko du gaur iluntzean Bermeoko Talako Kantinak. 20:00etan hasita, Mungiakoak bere lan berria aurkeztuko du:
Hiri kristalezkoa. Bandarekin grabatu duen arren, gaur gitarra eta ahotsa bilduko dituen formatu hurbilekoa eskainiko du.
Argazkilaria: Galder Izagirre
Hiri Kristalezkoa lana dakarzu orain, lan kolektiboa. Zein izan da lan berri honen funtsa?
Berez, hiriaren inguruan egindako disko bat da. Hamar kantu biltzen ditu eta bakoitzak pertsona baten izena du. Hirian bizi diren hamar pertsonen historiak dira. Gainera, kantuen artean etenik ez dago, eta entzuten den zarata hirian grabatutakoa da. Diskoa, berez, 24 orduko bidaia bat da hirian zehar, eta bidean hamar pertsona horiek topatzen dituzu, eta euren bizipenak ezagutu kantuen bitartez.
Hamar pertsona horiek errealak dira?
Ez, idazleek asmatutako pertsonaiak dira. Ideia sortu zitzaidanean idazleengana jo nuen testuak egiteko eta pertsonaia horiei bere forma emateko. Idazleei eskatu nien gauza bakarra izan zen kantuak pertsonen izen propioak izatea eta hirian bizi direnen istorioak kontatzea. Harkaitz Cano, Arkaitz Estiballes, Miren Amuriza, Unai Iturriaga, Gotzon Barandiaran… Beraiengana jo nuen.
Hasierako ideiak espero zenuen emaitza izan du, beraz.
Bai. Nik disko honetarako lehenengo doinuak landu ditut, eta lagun batekin entzuten esan zidan doinuak nahiko hiritarrak zirela, entzutean berari hiria zetorkiola burura. Orduan pentsatu nuen hiria izan zitekeela leku egokia disko osoa girotzeko eta disko kontzeptual bat egiteko; hau da, hasi eta bukaera arte entzuteko lan bat izan zitekeela. Lana eraikita dago egunsentian hasi eta gauean amaituko balitz legez. Diskoko abesti denek koherentzia bat hartu dute horrela, denak hirian girotuta daudelako. Eguzkia ateratzen denetik ezkutatzen den artean entzuteko lan bat da.
Doinuen aldetik, trantsizio horiek nola bereizi dituzu? Instrumentuekin?
Bai. Musikari dagokionean aurreko diskoekin dagoen aldaketarik handiena da, batez ere, lan honetan teklatuak duen presentzia. Gitarrei lekua kendu diet, teklatuari emateko, eta horrek beste giro batzuk sortzeko aukera ematen dizu. Bestalde, aldaketa nabarmena dago, baita, kantatzeko moduan. Nik uste dut nire ahotsarentzat leku egokia aurkitu dudala, eta hori, Jon Agirrezabalaga diskoaren ekoizle artistikoaren eraginez izan da. Kantuak entzunda, berak aholkatu zidan kantuak tonu grabeetan kantatzea eta, egia esan, nire ahotsaren lekua guztiz aurkitu ez badut ere, askoz ere gertuago nago orain. Inoiz baino gusturago nago kantatzen.
Eta aldaketa horrek, adibidez, ingurukoen aldetik edo entzuleen aldetik zelako harrera izan du?
Diskoak oso kritika onak izan ditu eta gustura nago. Jendeari helarazi behar zaio eta horretan kazetariek eta kritikak egiten diztuztenek laguntzen dute. Baina zaleak dira kontzertuetara joaten direnak, eta horiei nire lana erakusteko gogotsu nago.
Diskoak lanketa berezia izan du. Gero, zuzenekoetan, lanketa hori nola islatuko duzu?
Berez, pisurik handiena kantuek dute.?Gero, instrumentuak sartzerakoan zerbait diferentea lortzen duzu, baina oinarria kantua da, eta modu askorata defenditu daiteke. Disko honekin, hain zuzen, formatu ezberdineko zuzenekoak planteatu ditugu. Gaurko kontzertuari dagokionez, Bermeora bakarrik noa, leku txiki batetara, gitarrarekin, eta oso gustura egin izan ditut orain arte formatu horretako zuzenekoak. Kantuek ere beste dimentsio bat hartzen dute. Kantuak berak ematen dizkidan aukerak baliatzen ditut. Azken finean, esan bezala, kantua dago atzean eta kantuak ematen dio entitatea emanaldiari.