Muruetak Goma Gaineko 2018ko Euskadiko Sokatira Txapelketaren lehen saioa lehiatuko du zapatuan
Gizonezkoen 680 eta emakumezkoen 540 kiloetako kategoriekin hasiko dute txapelketa Laukizen.
Muruetakoek lehiatuko duten 680 kiloko kategorian saio bakarra jokatuko dute zortzi taldek. Busturialdeko taldeagaz batera, Sokarri, Abadiño eta Gaztedi talde bizkaitarrak, Ibarra talde gipuzkoarra, Beti-Gazte talde nafarra eta Iparraldeko Gabat-Jutxi eta Zuraide taldeak ariko dira zein baino zein gehiago.
540 kilokoan, ostera, lau talde egongo dira: Gaztedi bizkaitarra, Badaiotz arabarra, Ibarra gipuzkoarra eta Beti-Gazte nafarra. Kategoria honetako hurrengo saioa urtarrilaren 21ean izango da Mungian, eta finala urtarrilaren 27an jokatuko dute, oraindik zehaztu gabeko udalerrian.
Muruetako taldeak gizonezkoen kategoria guztietan parte hartuko du: 680 kilokoan, 640 kilokoan, 600 kilokoan eta 560 kilokoan.
Hain zuzen, datorren astean lehiatuko dute 640 kiloko lehen saioa Mungian. Bigarren jardunaldia hilaren 28an izango da Azkoitian, eta Idiazabalek hartuko du finala, otsailaren 10ean. Kategoria horretan 10 talde lehiatuko dira: Murueta, Sokarri, Abadiño A, Abadiño B, Beti-Gazte, Gaztedi, Ibarra, Gabat-Jutxi, Ñapurrak-Lagunak eta Zuraide.
600 kiloko lehian, berriz, 11 taldek izena eman dute: Murueta, Sokarri, Abadiño, Berriozar, Beti-Gazte, Gaztedi, Antsoain, Ibarra, Txantrea, Gabat-Jutxi eta Ñapurrak-Lagunak. Urtarrilaren 27an hasiko dute lehia, eta bigarren jardunaldia otsailaren 3an izango da Bilbon. Ondoren, otsailaren 17an jokatuko dute finala, Ibarran.
Hala, 560 kilotan saio bakarra egongo da. Otsailaren 24an Laukizen lehiatuko dira zortzi talde hauek: Murueta, Sokarri, Abadiño, Berriozar, Beti-Gazte, Gaztedi, Ibarra eta Txantrea.
Bestalde, 600 kiloko kategoria mistoan ere saio bakarra lehiatuko dute. Otsailaren 25ean Bilbon neurtuko dituzte indarrak Beti-Gaztek, Antsoainek, Ibarrak, Berriozarrek, Gaztedi Ak eta Gaztedi Bk (baliteke Gaztedik hirugarren talde bat aurkeztea, baina oraindik ez dute baieztatu).