Gernika RTk Amaiur Torneoko etxeko azken partidua jokatuko du zapatuan
Gaztedi Neskak taldearen kontra lehiatuko da 17:00etatik aurrera Urbieta Rugby Zelaian.
Datorren astean amaituko dute torneoa; azken jardunaldia etxetik kanpo lehiatuko dute. Urtarrilaren 27an [zapatua] Durangoko taldearen kontra ariko dira zein baino zein gehiago, 15:00etan hasita.
Torneoa amaitzeko falta dituzten azken bi partiduak irabaztea da jokalarien helburua: “Biak irabazi behar ditugu, edo bietako bat bai gutxienez. Gure asmoa lehen multzoan geratzea da”.
Gernika RTko nesken taldeak bigarren denboraldia du, eta taldean sei jokalari berri dituzte. “Horrek asko lagundu digula uste dugu, eta pozik eta oso gustura gaude, eta gerra emoteko gogoagaz”. Bigarren denboraldi honetan taldeak “segurtasun handiagoa” daukala adierazi dute jokalariek: “Agian horrek kalte egin digu zenbait momentutan; konfiantza larregi izan dugulako eta uste dugu gehiago egin dezakegula”.
Urriaren 1ean jokatu zuten Amaiur Torneoaren lehen jardunaldia. Marzola talde errioxarraren kontra askogatik nagusitu ziren etxean. Ordizian eta Hernanin ere irabaztea lortu zuten, eta momentuz bi partidu galdu dituzte, Eibarren eta La Unicaren kontrakoak, hain zuzen. Aurreko zapatuan Bera-Beraren kontra garaipena eskuratu zuten Anoetan, eta abenduaren 17an Bilboren kontra ere nagusitzea lortu zuten.