Fabrikazio eta diseinu industriala ikastaroan izena emateko epea luzatu dute
Gaztedi Busturialdea proiekuaren baitan, gazteak fabrikazioan eta diseinu industrialean (NX CAD Siemens) trebatzeko ikastaroa antolatu dute. Lana bilatzea lana da programaren baitako ikastaroa da, eta izena emateko epea luzatu egin dutela jakinarazi dute. Hain zuzen, interesa duten gazteek otsailaren 2ra arte izango dute horretarako aukera.
Arratzu, Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako gazteei zuzendutako ikastaroa da. Otsaila eta martxoa bitartean, guztira 210 klase ordu hartuko dute ikasleek. Zehaztu dutenez, ikastaroa tituludun gazteei zuzenduta dago; hau da, goi-mailako ingenieritza edo ingenieritza teknikoa zein goi mailako lanbide heziketa ikasi edo amaitzear dutenentzat. Horiek, ingenieritza mekanikoan ezagutza aurreratuagoa jasoko dute ikastaroan.
Ingeles maila. Ikastaroa hartzeko gutxieneko ingeles maila eskatzen dute, eta prozesuan egingo duten elkarrizketan baloratuko dute ikaslegaiak maila nahikoa duen.
Antolatzaileek esan dutenez, formakuntza hori jaso ostean, Busturialdeko gazteek laneratzeko aukera handiagoak izango dituzte.
Ikastaroa Arratzuko Madariene baserrian emango dute, eta plaza mugatua da. 18 eta 35 urte bitartekoei dago zuzenduta.