Energia aurrezteko diru laguntzak emango ditu Bizkaiko Aldundiak
Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu duenez, «energia aurrezpen eta efizientzia handiagoa lortzea» helburu hartuta, diru laguntzak emango dizkiei Bizkaiko udal eta mankomunitateei. Horretarako, milioi bat euroko diru kopuruaz baliatuko da.Helburu hori lort...
Helburu hori lortzea ahalbidetu ditzaketen jardueretarako bideratuko ditu aipatu diru laguntzak; esaterako, kontsumoa murrizteari eta argiteria publikoa monitorizatzeari lotutako ekimenetara. Halaber, eraikin publikoetako instalazioetako energia eta erregai kontsumoa murriztea lortzeko hartu beharreko neurriak ere finantzatuko dituela azaldu du foru erakundeak, eta baita girotzeko eta etxeko ur beroa ekoizteko instalazioetan, kogenerazio edo trogenerazioko instalazioetan, barne argiztapeneko instalazioetan, energia monitorizatzeko sistemetan eta baliabide berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioetan energia eta erregai kontsumoa murriztea lortzeko hartu behar diren neurriak ere.
Hala, aldundiaren laguntza hori jaso nahi duten udal eta mankomunitateek otsailaren 28ra arteko epea izango dute eskabideak aurkezteko.
Aldundiak gogorarazi duenez, udalek jaso ahalko duten gehieneko laguntza 48.000 eurokoa izango da, eta 84.000 eurokoa, aldiz, mankomunitateek jaso ahalko dutena. Betiere, irizpide batzuk kontuan hartuta emango dituzte laguntzok; hala nola, aintzat hartuko dute efizientzia energetikoagatik aurretik zenbatetan jaso izan den laguntza. Jarduera gauzatu ondoren aurreikusitako energia aurrezpen banakatuaren kalkulua ere balioan jarriko dute; izan ere, zenbat eta aurrezpen handiagoa izan, orduan eta handiagoa izango da proiektuak jasoko duen puntuazioa.