Gernika-Lumoko Udala «herritarren diruagaz azpijokoan» dabilela salatu du EH Bilduk, eta aterpetxea eta jubilatuen taberna «lagunentzako negozio» bilakatu izana ere egotzi dio.
Udalak egiten dituen kanpo kontratazioetan kudeaketa egokiagoa egiteko kanpaina hasi zuen iazko ekainean Gernika-Lumoko EH Bilduk, eta 2016an bere funtzionamendurako udalak erabili izan zituen kanpo zerbitzuak eta hornidurak aztertu zituzten orduan.
Egoerak hobera egin beharrean, «nabarmen txarrera» egin duela kritikatu du. Izan ere, diotenez, «zerbitzu handienek kontratu gabe jarraitzen dute, eta geroztik egon diren batzuetan, herritarren dirua xahutzera eramaten duten jokabideak errepikatu dira».
Koalizioak 2016an salatu zuen udalak «inolako lizitazio prozedurarik barik 53 enpresagaz lanen bat egiteko kontratua egin» zuela. Hori horrela, kontraturik barik gastatzen dena 3.049.516,2 eurora heltzen dela gaineratu zuen. Aterpetxearen egoera ere kritikatu zuen orduko hartan EH Bilduk, eta oraingoan ere hala egin du. «2015az geroztik, ez diote aterpetxea kudeatzen duen enpresari lokal publikoen ustiatze araua kobratu, eta hala, 51.690 euro oparitu dizkio».
«Aterpetxeagaz egin bezala, orain Pasealekuko jubilatuen tabernagaz gauza bera egiten hasi da udala», koalizioaren arabera. Diotenez, kontratu txiki bat onartu da, eta jabari publikoko lokal bat ustiatzearren ordaindu beharreko diru kopurua (3.000 euro) barkatu diote. Hori horrela, hilean 1.500 euro irabzteari utziko dio udalak, koalizioak kritikatu duenez.
Beste behin, EH Bilduk «kontratazioan daraman kudeaketa «aldatu eta herriko baliabideekin arduratsu jokatzeko» eskatu dio udalari. Eta hori egin ezean ere, «behintzat, orain arteko legez kanpoko jokabideak ez errepikatzeko» eskaera egin dio, «kaltetuak herritarrak» baitira.