Bermeoko Mendien Bira egingo du domekan Sollubek
Sollube 707 mendizale taldeak Bermeoko Mendien Bira antolatu du domekarako. Herriko tontorrak ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen duen irteera dela azaldu dute mendi taldeko kideek.
Taraskan jarri dute ordua, 08:30ean. Handik Katillotxura abiatuko dira, eta Sollube, Mañu, Garbola eta Burgo zeharkatu ostean, Arane auzotik bueltatuko dira herrigunera.
Ibilbidea bost ordu ingurukoa dela azaldu dute, baina «oso polita» dela diote; «Bermeoren ikuspegi osoa eskaintzen baitu».
Lehen, Sollube 707 mendizale taldekoek urtero Kontzezio Egunean Mañun jartzen duten jaiotza kentzeko irteera zen. Ondoren, zenbait urtetan aipatu irteera egin ez badute ere, orain dela hiru urte berriro berreskuratu zuten; orain, baina, ez dute jaiotza kentzeko egiten, tamaina handiagoko piezak baitira.