Mundakako Udalak
herrian garrantzitsuak diren gaiei buruzko herritarren iritzia jakin gura izan du. Hala, Mundakako bizilagunek, adindunek eta erroldatuek, udalak berak prestatutako galdeketa bat jaso dute etxebizitzetan
. 1.579 adindun erroldatuta daude Mundakan, eta udal arduradunek jakitera eman dutenez,
horietatik 173k erantzun dute galdeketa.
Partaidetza, hortaz, %11 ingurukoa izan dela esan dute.
Udalbatza galdeketaren emaitzak aztertzen. Argazkia: Nueva Europa
Galdeketaren erantzunak udaletxean jarritako kutxa batean utzi behar izan dituzte herritarrek, eta asteon batu da udalbatza kutxa zabaldu eta zenbaketa egiteko. Modu horretan, udalak prestatutako galdera zarratuei herritarrek emandako erantzunak batu dituzte.
Mundaka Festival ospatu behar den ala ez galdetzen zuen udalak, eta
gehienek baiezkoa eman dute, 105 herritarrek, hain zuzen ere;
59 lagunek esan dute ezetz, eta gainontzeko 8 erantzunak baliogabeak eta zuriak izan dira.
Talaiako aparkalekura eraman diren edukiontzien kokapenaz ere galdetu du Mundakako Udalak. Erantzunen arabera,
gehiengoak gurago du udaletxe ondoko kokapena (81 pertsonak); 55 herritar, berriz, egungo kokapenaren alde agertu dira.
San Pedro jaietan barrakak jarri behar diren ala ez galdetuta,
114 herritarrek barrakak mantentzearen alde egin dute, eta
50 ezezko jaso dituzte. Baliogabeak eta zuriak, 8 izan dira.
Galdeketan, bestalde, galdera irekiak ere bazeuden. Horietan, kirol, kultura eta herri lanen beharrizanei buruzko iritziak eman ahal izan dituzte mundakarrek, bai eta udalaren lehentasunei buruzkoak ere.
Asteon, galdeketaren lehen emaitzak eman badituzte ere,
«laster» emango dituzte ezagutzera galdeketatik ateratako ondorio guztiak. Diotenez, udal aldizkaria, udalaren webgunea eta bandoak erabiliko dituzte informazioa zabaltzeko.
Partaidetza handiagoa espero zutela esan du Mundakako alkate Aitor Egurrolak. Hala ere, «lasai» daudela dio, «galdeketak iritzien polaritate handirik ez dagoela erakutsi baitu».
Alkateak azaldu duenez, orain,
gehiengoaren eskariei erantzutea da udalaren erantzukizuna.