Rafa Rueda: "Bermeora bakarrik noa, gitarrarekin, eta kantuek beste dimentsio bat hartuko dute"
Disko berria eta berezia kaleratu du Rafa Rueda musikariak (Mungia, 1972). ‘Hiri kristalezkoa’ lan kolektiboa da, baina bakarka aurkeztuko du bihar Talako Kantinan.
(Aurerrapena)
Hiri Kristalezkoa lana dakarzu orain, lan kolektiboa. Zein izan da lan berri honen funtsa?
Berez, hiriaren inguruan egindako disko bat da. Hamar kantu biltzen ditu eta bakoitzak pertsona baten izena du. Hirian bizi diren hamar pertsonen historiak dira. Gainera, kantuen artean etenik ez dago, eta entzuten den zarata hirian grabatutakoa da. Diskoa, berez, 24 orduko bidaia bat da hirian zehar, eta bidean hamar pertsona horiek topatzen dituzu, eta euren bizipenak ezagutu kantuen bitartez.
Hamar pertsona horiek errealak dira?
Ez, idazleek asmatutako pertsonaiak dira. Ideia sortu zitzaidanean idazleengana jo nuen testuak egiteko eta pertsonaia horiei bere forma emateko. Idazleei eskatu nien gauza bakarra izan zen kantuak pertsonen izen propioak izatea eta hirian bizi direnen istorioak kontatzea.
Hasierako ideiak espero zenuen emaitza izan du, beraz.
Bai. Nik disko honetarako lehenengo doinuak landu ditut, eta lagun batekin entzuten esan zidan doinuak nahiko hiritarrak zirela, entzutean berari hiria zetorkiola burura. Orduan pentsatu nuen hiria izan zitekeela leku egokia disko osoa girotzeko eta disko kontzeptual bat egiteko; hau da, hasi eta bukaera arte entzuteko lan bat izan zitekeela
Diskoak lanketa berezia izan du. Gero, zuzenekoetan, lanketa hori nola islatuko duzu?
Berez, pisurik handiena kantuek dute.?Gero, instrumentuak sartzerakoan zerbait diferentea lortzen duzu, baina oinarria kantua da, eta modu askorata defenditu daiteke. Disko honekin, hain zuzen, formatu ezberdineko zuzenekoak planteatu ditugu. Biharko kontzertuari dagokionez, Bermeora bakarrik noa, leku txiki batetara, nire gitarrarekin, eta oso gustura egin izan ditut orain arte formatu horretako zuzenekoak. Kantuek ere beste dimentsio bat hartzen dute.
*Elkarrizketa, osorik, bihar.