Gazte lokalen erabilera arautuko dute, gazteen parte hartzeagaz
Azken urteetan gero eta gazte gehiago lokaletan biltzen dela ikusita, lokalen arautzeari ekitea erabaki du Lekeitioko Udalak, «gazteen segurtasun eta gutxiengo osasun baldintzak bermatzeko asmoz». Horretarako, Lekeitioko Gazte Lokalak izeneko ekimen...
Udalak azaldu duenez, gazte lokalen errealitate sozialak kezka ugari sortzen ditu biztanleriarengan. «Lokalaren segurtasun baldintzak, substantzia ezberdinen kontsumoa edota jokaera arriskutsuak gerta daitezkeelako». Hala ere, Lekeitioko Udalaren ustez, debekua eta arautegi zorrotzak ezartzea ez da bidea, eta gazteen eta udalaren arteko akordioan oinarritutako arautegi bat zehaztuko dute. «Arautze honek ez dakar udal ordenantza zorrotz bat ezartzea, praktika onetan oinarritutako arautegia baizik».
Adituen laguntza
Gazteen eta udalaren arteko hartu-eman zuzena sortu eta sustatzea ere bada ekimenaren helburuetako bat, genero ikuspegi aktibo batetik lan eginez. Horrez gain, erabiltzaileen eta auzokideen lasaitasunerako, gazte lokaletan gutxieneko segurtasun baldintzak bermatzea lortu nahi dute.
Herriko gazte lokalen ekimena gauzatzeko Gizarte Heziketan adituak diren profesionalen laguntza izango dute. Udalak zehaztu duenez, aditu horiek jarriko dira lokaletako gazteekin harremanetan.
Hilabete honetan emango diote hasiera ekimenari, eta prozesu parte hartzaileak lau hilabete inguru iraungo duela aurreikusten dute.