Bermeo eta itsasoa marraztea atsegin du Enrike Zubia artista bermeotarrak, eta bere lanetan nabaria izaten da. Aurtengo erakusketan, hala ere, Bermeo eta itsasoa ez ezik, beste zenbait paisaia ikus daitezkeela azaldu du.
Madrilera trenez egindako bidaian «buruan geratu zitzaizkion» zenbait paisaia irudikatu ditu bermeotarrak bere lanetan: «momentuan zirriborro bat egin nuen, eta, ondoren, lehen begiratuan nire buruan geratutakoa margotu nuen».
42 lan jarri ditu ikusgai aurtengo erakusketan, tamaina txikikoak denak. Tamaina handikoak etxean utzi ditu, bai eta buruan dio, «oraindik egin barik». Aurrera begira, xehetasun gutxiago dauzkaten tamaina handiko lanak egin gura ditu: «Neure burua estutu gura dut, pintura gehiago sartu gura dut lanetan. Buruan badauzkat zenbait ideia, baina margolanean islatuta ikusi arte burukomina ematen didate».
Akuarelekin ez da konpontzen, baina olioan akuarela moduan margozten duela dio, «pintura gutxi erabilita».
Erakusketa ugari. Aurten, lanpetuta egongo da Zubia, hainbat erakusketa dauzka aurreikusita. Martxoan Mungian jarriko du erakusketa. Erakusketa honetako zenbait lan eroango baditu ere, inguru hartan ezaguna den zerbait ere margoztuko duela dio. Apirila eta ekaina bitartean, berriz, Bilbon erakutsiko ditu bere lanak Bizkaiko Abokatuen Elkarteko erakusketa aretoan.
Gernika-Lumon, Mundakan eta Getxon ere egoteko asmoa dauka. «Ona» da Zubiaren arabera, datak zehaztuta izatea, «helmugak edukitzeko».
Oraindik erakusketa bisitatu ez duenak domekara arte ikusgai izango ditu lanak Nestor Basterretxea aretoan; zapatura bitartean, 19:00etatik 21:00etara, eta domekan, 13:00etatik 15:00etara.
Aurten, erakusketa bisitatzera doazenen joan-etorria «moteldu» egin dela uste du; «mugimendu gutxiago dago».