Arrantza egutegiak egiteko bilduko dira zapatuan Arrantzaleen museoan
Bermeoko Arrantzaleen Museoak familia tailer berri bat antolatu du, eta zapatuan elkartuko dira horregaz gozatzeko. Lau urtetik gorako umeei zuzendutako tailerra izango da, horiek nagusien laguntzaz, gozatu dezaten. Hain justu, arrantza egutegia egingo dute oraingoan tailerrean parte hartzen dutenek. Eta, hala, urteko denboraldi bakoitzean zein arrain mota harrapatzen den jakiteko aukera ezagutuko dute etxeko txikitxoenek.
Zapatuan 16:30ean hasiko dute tailerra eta 18:30ean bukatu. Aipatu egutegi hori egiteaz gain, Arrantzaleen Museoko txokoren bat ezagutzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Eguna ordu helduko, baina, izena eman beharko dute parte hartzeko interesa daukatenek; izan ere, 15 pertsonentzako lekua egongo dela gogorarazi dute museoko arduradunek. Horretarako, Arrantzaleen Museoagaz harremanetan jarri beharko da (94-688 11 71/arrantzaleenmusoea@bizkaia.eus). Izena ematea beharrezkoa bada ere, zapatuko jarduera doakoa izango da.
Guztira, bost familia tailer egingo ditu aurtengo ikasturtean Bermeoko museoak; azaroan egin zuten ikasturteko lehena eta baleei buruzkoa izan zen eta abenduan egin zuten bigarrena; Gabonetako arrain apaingarriak egin zituzten orduan. Urtarrilekoaren ostean, otsailean eta martxoan ere tailer bana egiteko asmoa erakutsi du; “itsas seinaleena bata eta arrain mozorroena bestea”.