Aldundiak diru laguntzak emango ditu udal eta mankomunitateen efizientzia energetikoa hobetzeko
Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu duenez, “energia aurrezpen eta efizientzia handiagoa lortzea da helburua”, eta hori kontuan hartuta emango ditu diru laguntzok. Horretarako, milioi bat euroko diru kopuruaz baliatuko da.
Helburu hori lortzea ahalbidetu ditzaketen jardueretarako bideratuko ditu aipatu diru laguntzak; esaterako, kontsumoa murrizteari eta argiteria publikoa monitorizatzeari lotutako ekimenetara. Halaber, eraikin publikoetako intslazioetako energia eta erregai kontsumoa murriztea lortzeko hartu beharreko neurriak ere finantzatuko dituela azaldu du foru erakundeak, eta baita “girotzeko eta etxeko ur beroa ekoizteko instalazioetan, kogenerazio edo trogenerazioko instalazioetan, barne argiztapeneko instalazioetan, energia monitorizatzeko sistemetan eta baliabide berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioetan energia eta erregai kontsumoa murriztea lortzeko hartu behar diren neurriak ere”.
Hala, aldundiaren laguntza hori jaso nahi duten udal eta mankomunitateek otsailaren 28ra arteko epea izango dute beraien eskabideak aurkezteko.
Aldundiak gogorarazi duenez, udalek jaso ahalko duten gehieneko laguntza 48.000 eurokoa izango da eta 84.000 eurokoa, aldiz, mankomunitateek jaso ahalko dutena. Betiere, irizpide batzuk kontuan hartuta emango dituzte laguntzok; hala nola, aintzat hartuko dute efizientzia energetikoagatik aurretik zenbatetn jaso izan den laguntza. Jarduera gauzatu ondoren aurreikusitako energia aurrezpen banakatuaren kalkulua ere balioan jarriko dute; izan ere, geroz eta aurrezpen handiagoa izan, geroz eta handiagoa izango da proiektuak jasoko duen puntuazioa.