Txomin Aranak ilusioz hasi du Dakarreko abentura
Zapatuan Liman hasi eta urtarrilaren 20an Argentinako Cordoba hirian amaituko dute lasterketa. Arana gasolina barik geratu zen bigarren etaparen zati bateanBere laugarren Dakarrari pozik eta gogotsu ekin dio Txomin Arana Ereñoko pilotuak. Moto gidaria...
Zapatuan Liman hasi eta urtarrilaren 20an Argentinako Cordoba hirian amaituko dute lasterketa. Arana gasolina barik geratu zen bigarren etaparen zati batean
Bere laugarren Dakarrari pozik eta gogotsu ekin dio Txomin Arana Ereñoko pilotuak. Moto gidariak gustura hasi du berarentzat hain berezia den proba, bereizgarri duen irribarrea galdu barik.Zapatuan Peruko hiriburuan hasi zuten 2018ko Dakarra. 31 kilometroko etapa burutu behar izan zuten Lima eta Pisco artean. Aranak pozik amaitu zuen lehenengo eguna: «Lehenengo etapa laburra izan da, 30 kilometro, baina nahikoa nabigazio gaitza eduki du. Dena egin dut nahikoa ondo. Errakuntza bat eduki dut momentu batean, eta sailkapena ez da hain ona. Baina bihartik aurrera lasterketa luzea da, eta eutsiko diogu».
38. postuan helmugaratu zen lehenengo egunean. 27 minutu eta 16 segundoko denboran burutu zuen etapa, hain zuzen ere, Sam Sunderland lehenengoarengandik 6 minutu eta 21 segundora.
Domekako 267 kilometroko etapa Piscon hasi eta amaitu zuten. Ereñoko pilotua gasolina barik geratu zen, eta horrek zaildu zion proba: «Bigarren etapa oso konplikatua izan da: hare asko, nabigazio asko, duna altuak hare bigunagaz… Autoak pasatuta egon dira, eta arazo bat eduki dut: gasolina barik geratu naiz, eta ia kilometro batean motorra bultzatu behar izan dut».
3 ordu, 40 minutu eta 44 segundotan amaitu zuen etapa Aranak, 48. postuan, Joan Barreda lehenengoarengandik 44 minutura.
Lehenengo bi etapen ostean, sailkapen orokorrean 42.postuan dago ereñarra.
Dakarra urtarrilaren 20an amaituko da, Argentinako Cordoba hirian.