Bakearen Museoak inoizko bisitari gehien hartu ditu 2017an
Guztira, 48.507 lagunek bisitatu dute Gernikako museoa; aurreko urtean baino 4.901 pertsona gehiagok. Iaz bezala, aurton ere hamaika ekintza egingo dituzteGernika-Lumoko Bakearen Museoak inoizko bisitari gehien hartu dituela jakitera eman du. Hain zuze...
Guztira, 48.507 lagunek bisitatu dute Gernikako museoa; aurreko urtean baino 4.901 pertsona gehiagok. Iaz bezala, aurton ere hamaika ekintza egingo dituzte
Gernika-Lumoko Bakearen Museoak inoizko bisitari gehien hartu dituela jakitera eman du. Hain zuzen, denetara, 48.507 herritarrek bisitatu dute Gernika-Lumoko museo hori 2017. urtean. Aurreko urteagaz alderatuta, 4.901 gehiago izan dira museora bertaratutako lagunak. Hamaika ekintza antolatu zituzten iazko urtean, eta 2018rako ere beste hainbat egitea aurreikusten dute.Urtero legez, munduko txoko ezberdinetatik iritsitako jendea egon da Bakearen Museoan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik, esaterako, 9.356 pertsonek bisitatu dute museoa, eta espainiar estatutik, berriz, 11.654 lagunek. Europarrak 22.810 izan dira, eta amerikarrak, aldiz, 3.250. Beste toki batzuetakoak ere izan dira: hain justu, 1.437.
Hala, 2017ari begira, balantze «oso positiboa» egin du museoak, eta nabarmendu du ekintza ugari antolatu izan dituela; hala nola, aldi baterako lau erakusketa, hiru erakusketa bibliografiko, hainbat ikerketa bidai (Madril, Avila, Salamanca eta Parisera) edota nazioarteko hiru mintegi, besteren artean.
MemoriaLab ekimena ere gauzatu du Irunen eta Madrilen. Azaldu duenez, «biolentziaz betetako iragan hurbilaren memoriaren eraikuntza soziala eraikitzeko herritarren parte hartzea sustatzen duten laborategi sortzaileak» dira horiek.
Halaber, hiru liburu berri ere argitaratu ditu museoak, eta bertako zuzendariaren munduko hainbat txokotan hitzaldiak eskaini ditu, azkenengo urteetan egiten duen lanari buruz eta bere historiari buruz. Gainera, urteko domeka guztietan museorako sarrera doan eskaini dute, eta aurten ere hala izango dela nabarmendu dute museoaren arduradunek.
Hamaika ekintza prest
Doako sarrera horrez gain, bestelako ekintzak ere prestatu dituzte: Eskolarteko Bakearen eta Ez Biolentziaren astea, nazioarteko mintegia, formakuntza saioa, bisita gidatu bereziak, aldi baterako erakusketak, museoa eta bonbardaketaren garaiko babesleku batera bisita gidatuak, egun berezietako ospakizunak, bi erakusketa bibliografiko, Museoa eskoletan programa…
Horiek guztiak eta askoz gehiago ere ekarriko du 2018an Bakearen Museoak; aurten, gainera, 20 urte beteko dituela gogorarazi du.