Beste urte batez, Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuak (GOUP) hainbat ikastaro antolatu ditu 2018. urterako. Zahartze aktiboa sustatzea helburu duten
Gorputza martxan eta
Burua martxan tailerrez gain, dementzia fase arinean dutenentzat psikoestimulazio tailerrak ere eskainiko dituzte.
Gorputza martxan eta
Burua martxan programetan 55 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal dute. Lehenengo programaren kasuan, galera fisikoa ekidin gura da, bigarrenean, aldiz, galera kognitiboa.
Burua martxan programak 24 lagunentzako lekua eskaintzen duela jakitera eman du Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuaren presidente Benito Ibarrolazak. Bi taldetan banatuta egingo dute lan, Gizarte eta Kultura Etxean. Ordu eta erdiko bi saio jasoko dituzte parte hartzaileek, eta astelehenetan eta eguaztenetan bilduko dira. Programa horretan parte hartzen dutenek ezingo dute buruko gaixotasunik eduki.
Gorputza martxan programan, bestalde, 60 lagunentzako lekua dagoela azaldu du Ibarrolazak, eta lau taldetan banatuta egingo dute lan parte hartzaileek. Gizarte eta Kultura Etxeko Nagusien txokoan batuko dira astean birritan, eta ordu beteko saioak izango dira, hain zuzen ere. Parte hartzaileek ezingo dute gaixotasun fisiko larririk eduki.
Hamabi lagunentzat. Gaur hasiko da, berriz, dementziaren galera prozesua geldotzea helburu duen psikoestimulazio tailerra. Martitzenetan eta eguenetan elkartuko dira, 11:00etatik 12:30era, Erreten parkeko lokalean. Taldean hamabi lagunek parte hartu ahalko dute.
Aipatu tailerraren helburua dementziaren galera prozesua geldotzea dela esan du Ibarrolazak; hala, parte hartzeko izena ematen dutenek dementzia «fase arinean» eduki beharko dutela azaldu du.
Talde irekia. Bestalde, mendekotasuna duten pertsonen familiako zaintzaileei zuzendutako laguntza psikologikoko taldeak ere jarraitu egingo duela azaldu du Ibarrolazak, bai eta horiei zuzendutako prestakuntza ikastaroak ere.
Hileon hasiko dira martxan berriro, eta bi asterik behin batuko dira Gizarte eta Kultura Etxean, eguaztenetan, 17:45ean hasita. Taldea irekia izango da, hau da, urtean parte hartu gura duten horientzat zabalik egongo da. Hala ere, interesa duten pertsonek Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuan eman beharko dute izena. Taldean parte hartzea zein prestakuntza ikastaroa doakoak direla gogorarazi dute
Ibarrolazak azaldu duenez, «mendekotasuna duten pertsonen familiako zaintzaileek askotan antsietatea, depresioa edota gainkarga sufritzen dute». Hori dela eta, laguntza psikologiko taldearen eta prestakuntza ikastaroaren helburuak sintoma horiek sufritzen dituzten familietako zaintzaileei horiek gutxitzen laguntzea eta sufritzen ez dutenei horiek saihesten laguntzea direla adierazi du.