Danatara, 48.507 herritarrek bisitatu dute Gernika-Lumoko museoa 2017. urtean. Hain zuzen, iazkoagaz alderatuta, 4.901 gehiago izan dira museora bertaratutako lagunak. Hamaika ekintza antolatu zituzten iaz, eta 2018rako ere beste hainbat egitea aurreikusten dute.
Ron English artistaren ‘Guernica berriro imajinatzen’ erakusketa.
Urtero legez, munduko txoko ezberdinetatik iritsitako jendea izan da Bakearen Museoan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik, esaterako, 9.356 pertsonak bisitatu dute museoa, eta espainiar estatutik, berriz, 11.654 lagunek. Europarrak 22.810 izan dira eta amerikarrak, aldiz, 3.250. Beste toki batzuetakoak ere izan dira: hain justu, 1.437.
Hala, 2017ari begira, balantze “oso positiboa” egin du museoak, eta nabarmendu du ekintza ugari antolatu izan dituela; hala nola, aldi baterako lau erakusketa, hiru erausketa bibliografiko, hainbat ikerketa bidai (Madril, Avila, Salamanca eta Parisera), nazioarteko hiru mintegi…
MemoriaLab ekimena ere gauzatu du Irun eta Madrilen. Azaldu duenez, “biolentziaz betetako gure iragan hurbilaren memoriaren eraikuntza soziala eraikitzeko herritarren parte hartzea sustatzen duten laborategi sortzaileak” dira horiek.
Halaber, hiru liburu berri ere argitaratu ditu museoak, eta bertako zuzendariaren munduko hainbat txokotan hitzaldiak eskaini ditu. Gainera, urteko domeka guztietan museorako sarrera doan eskaini dute, eta aurten ere hala izango dela nabarmendu dute.
Doako sarrera horrez gain, bestelako ekintzak ere prestatu dituzte: Eskolarteko Bakearen eta Ez Biolentziaren astea, nazioarteko mintegia, formakuntza saioa, bisita gidatu bereziak, aldi baterako erakusketak, museoa eta bonbardaketaren garaiko babesleku batera bisita gidatuak, egun berezietako ospakizunak, bi erakusketa bibliografiko,
Museoa eskoletan programa…
Horiek eta askoz gehiago ekarriko du 2018an Bakearen Museoak; aurten, gainera, 20 urte beteko dituela gogorarazi du.