Alejandro Arrieta markinarrak eraman du mahai onenaren saria
Santo Tomas azoka ospatu zuten atzo goizean Lekeition. Eguerdi partera batu zen jende gehien plazako saltokien inguruan. Ilarak egin ziren taloak erostekoEguraldia bezala, eguerdirantz berotzen joan zen atzo giroa, Lekeitioko Santo Tomas Azokan. Ohi mo...
Santo Tomas azoka ospatu zuten atzo goizean Lekeition. Eguerdi partera batu zen jende gehien plazako saltokien inguruan. Ilarak egin ziren taloak erosteko
Eguraldia bezala, eguerdirantz berotzen joan zen atzo giroa, Lekeitioko Santo Tomas Azokan. Ohi modura, 12:00etatik aurrera hasi zen jende gehiago hurreratzen Independentzia plazako postuetara, zer zegoen ikusi, dastatu eta erosteko asmoz.Sasoi honetan ohi den legez, indiarrak, karakolak, intxaurrak eta sagarrak eragin zuten erosleen interesa. Kiloaren batezbesteko prezioa antzeko egon zen postu batean zein bestean. Denetara, salmenta zuzeneko 36 postu jarri zituzten plazan, eta euretako zazpi izan ziren fruta eta ortuari ekoizleenak. Atal horretako aurtengo mahairik onenaren saria, beste urte batez, Xemeingain baserriko Alejandro Arrieta markina-xemeindarrarentzat izan zen. Koldo Goitia Lekeitioko alkatearen eskuetatik jaso zuen saria, azokaren amaieran.
Ibon Goitia Lea-Artibaiko Landa Garapen Elkarteko teknikariak azaldu zuenez, epaimahaiak Alejandro Arrietak erakutsitako produktuen aniztasuna eta kalitatea baloratu zituen, batez ere. Kontutan hartu zuten, baita ere, postuen estetika eta diseinua.
Ortuariez gain, txerriki, ahate produktu, gazta, gozo, txakolin, olio eta eztia ere egon ziren aukeran, eta nekazaritza eta artisautza postuen alboan, Lea-Artibaiko etxabereek izan zuten lekua. Plazako eskaileren ondoko sokan lotuta egon ziren behi, idi eta zaldiak. Plazaren erdirantz, berriz, untxi, oilo, ahuntz eta ardiak. Guztiek eragin zuten ikusmina, baina batez ere txerri emeak eta bere txerritxoek.
Taldeen postuak
Ikusi, erosi eta zer edo zer hartzeko bilgune ere izan zen azoka. AEKren txosnak eta herriko eskoletako postuek ere arrakasta handia eduki zuten, ilarak egin ziren eguerdian zer edo zer hartu edo taloak erosteko. Lekeitioko Eskolakoak Lekeition ospatuko den Eskola Publikoaren Jairako materiala ere saltzen ibili ziren, eta Gabonetan ere kalean egongo zirela esa zuten.
Bestalde, elkartasunerako aukera ere egon zen. Elikagaien Bankuari laguntzeko euro baten trukean jolas edo ipuinak eros zitezkeen, eta Donahue sindromea duen Maialen Aulestiaren aldeko postua egon zen kamisetak saltzen. Aurten, gainera, Lekeitioko San Silbestre lasterketa Maialen Aulestiaren alde egingo da, eta jendea kamisetak erostera animatu zuten.
Preso gaixoak etxera ekartzeko aldarria ere ez zen falta izan. Elkarretaratzean bildu ziren plazako kioskoaren ondoan.