Peoiak hautatzeko prozesu berria abiarazi du Lekeitioko Udalak
2017ko maiatzaren 26tik martxan zegoen udal beharginen lan poltsa eratzeko prozesua eten eta berri bat abiaraztea erabaki du Lekeitioko Udalak. Azaldu dutenez, oinarri berriak zehaztu eta deialdia zabaltzeko erabakia hartu zuten joan den barikuan egin ...
2017ko maiatzaren 26an, peoi, kale garbitzaile, eraikin garbitasuneko behargin, kontserje eta azoka arduradunen lan poltsa eratzeko oinarriak onartu zituzten, eta lehen proba praktikoa 2017ko abenduaren 11n burutu zen. Baina, jakitera eman dutenez, proba horretan emandako akatsak zirela eta, azterketak ez zuzentzeko eta prozesua bertan behera uzteko erabakia hartu zuen alkateak abenduaren 12an. Horrez gain, prozesu berri bati hasiera ematea erabaki zuen, «prozesu osoaren onerako, gardentasuna, berdintasuna eta ziurtasuna bermatzeko».
Bertan behera utzitako prozesuan aurkeztutako eskabideak eta gainontzeko dokumentazioak prozesu berrirako ere balioa izango dutela argitu dute, eta aurrekoan eskaria egin zutenak automatikoki onartuko dituztela azaldu dute, kontrakorik agertu ezean.
Salaketa
Udal beharginen lan poltsen eraketaren prozesu berrirako eskaerak egiteko epea urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik, azken egun hori ere barne. Zehaztu dutenez, aurreko prozesuan parte hartu zutenek eskariak osatu ahalko dituzte epe horren baitan, dokumentazio gehigarria erantsita.
Aurreko prozesuan aurkeztu zirenei barkamenak eskatu die Lekeitioko Udal Gobernuak, «sortutako kalteengatik».
Bestalde, Lekeitioko Udalak zabaldutako lan poltsaren prozesua bertan behera geratu izana salatu du EH Bilduk.
Esan duenez, gai horrek bereziki arduratu ditu hasieratik. «Bere sasoian, prozesu hau pertsonal batzordearen jarraipenik barik kudeatu izana ere salatu genuen. Eta, orain, irregulartasunak agertu dira».
Koalizioak kezka agertu eta prozesua bertan behera uzteak sortu ahal dituen kalteen inguruan galdera sorta bat erregistratu du udalean. Prozesuaren nondik norako guztien azalpenak eskatu dizkio udal gobernuari.