Esperimentuak, Ludotekan
Aspalditik eskolako garajean gordeta zegoen materialagaz, laborategiko proiektua egin dute LH 3 eta 4 mailetako ikasleek. Udalerriko Ludotekan ipini dute eskolako laborategia.Hamarkadetan biltegian ondo gordetako balantza, bureta, matrazak, ontziak, pr...
Aspalditik eskolako garajean gordeta zegoen materialagaz, laborategiko proiektua egin dute LH 3 eta 4 mailetako ikasleek. Udalerriko Ludotekan ipini dute eskolako laborategia.
Hamarkadetan biltegian ondo gordetako balantza, bureta, matrazak, ontziak, probeta eta bestelako tresnak berreskuratu, eta laborategiko proiektua gauzatu dute Ispasterko Eskolako LHko 3 eta 4 mailetako ikasleek lehen hiruhilekoan.Tresnak guztiak ondo garbitu, armairua diseinatu, erosi, muntatu… Ilusioz beteta, lan handia egin dute, eta prozesu osoaren emaitza erakutsi zuten astelehenean. «Artistak» direla esan, eta egindako lanagatik zoriondu zituzten aurkezpenean. Proiektua zelan gauzatu duten azaldu zuten, pausoz pauso.
Urriaren 12ko zubian, esaterako, maketa egiten aritu ziren, eta 16an, eskoletako gela guztietara joan ziren maketa aurkeztera.
Eskolan laborategia edukitzeko leku nahikoa ez zutela eta, udalean baimena eskatu, eta herriko Ludotekan ipini dute laborategia. Ikasturte hasieran esperimentuak egin nahi zituztela esan zioten irakasleari. «Baina gure gela txikia denez, proiektua egiteko ez genuen tokirik». Beraz, udalera jo zuten leku bila; eskutitza igorri, eta berehala jaso zuten baiezkoa.
Ikasleak batu, esperimentuari buruz hausnartu eta definizio hau asmatu zuten: «Jendea harritzeko, zientzia ikasteko eta aurkikuntzak egiteko balio duen sistema da esperimentatzea». Ondoren, hiztegira jo zuten: «Gauza baten egoera edo baldintzak praktikan aztertu eta frogatzea da».
Arauak eta ardurak
Erronkari aurre egiteko, lana taldetan banatu zuten; bosna ikasleko hiru talde osatu, eta ondorengo ardurak banatu zituzten: behatzailea, komunikatzailea, IKT arduraduna, irakurlea, idaztela eta bozeramailea. Era berean, arauak ere zehaztu dituzte.
Liburuetan eta sarean informazioa batu, eta lehen esperimentuak uragaz egin dituzte.
Pozik aritu dira, eta poztasun eta ilusio hori transmititu diete senitarteko, ikasle eta irakasleei. Zuzendariak moztu zuen zinta: «Urte asko egon dira tresnak gordeta, beharbada zuen gurasoek duten adina baino urte gehiago egon dira erabili gabe. Gauza bakarra eskatzen dizuet; tresnak eta materialak ondo zaintzea».