Trustletters proiektuarentzat izan da ideia lehiaketaren sari nagusia
Lehiaketaren bigarren saria Hil Argi proiektuak jaso du, eta lehen sektoreagaz zerikusia duen ideia onena Oraska SL izan da. Hamabost enpresa ideia aurkeztu dituzteBariku eguerdian banatu zituzten Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan Busturialdeko enpr...
Lehiaketaren bigarren saria Hil Argi proiektuak jaso du, eta lehen sektoreagaz zerikusia duen ideia onena Oraska SL izan da. Hamabost enpresa ideia aurkeztu dituzte
Bariku eguerdian banatu zituzten Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan Busturialdeko enpresa ideia lehiaketaren sariak. Enpresa ideia onenaren saria Trustletters proiektuak jaso du. Bigarren saria Hil Argi proiektuarentzat izan da, eta lehen sektoreagaz zerikusia duen ideia onena Oraska SL izan da.Hamabost proiektu aurkeztu dituzte laugarrenez antolatu den Busturialdeko enpresa ideia lehiaketara.
Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan graduatu Aritz Urriolabeitia Arrien (Muxika, 1992) eta Eneko Uriarte Roman (Gasteiz, 1995) dira Trustletters proiektuaren sortzaileak. 3.000 euroko saria jaso dute, eta Arratzuko Elkartegian urtebeteko kuota ordainduta edukiko dute.
Trustletters proiektua erabiltzailea zein den egiaztatzen duen posta elektronikoa dela azaldu dute. Hau da, erabiltzaileak egiaztatu egin behar dira, beraien nortasun agiria aurkeztuta. Modu horretan, posta elektronikoa ez da anonimoa izango, igorlearen izena agertuko litzatekeelako.
2.000 euroko saria jaso dute, berriz, Jon Ander Urresti Ugaldek (Bermeo, 1992), Aitane Goñi Landak (Meñaka, 1990) eta Maite Aizpurua Olaizolak (Zumaia, 1990). Txapeldunordeek ere urtebeterako izango dute Arratzuko Elkartegiko kuota ordainduta. Urresti filosofian graduatua da, Goñi soziologian eta Antropologia Sozial eta Kulturalean lizentziaduna da, eta Aizpurua, berriz, historian dago lizentziatuta.
Hil Argi proiektuak heriotza onaren eskubidearen mesedetan, gizartearen beharrizanei erantzuteko proiektua izan nahi du; hileta laikoen zerbitzua eskaini nahi du, alegia. Beti ere, lekuko proiektua eta bezeroekin harreman hurbilean oinarritzen den proiektua dela nabarmendu dute. Hil Argik hiru ildo nagusitan garatzea du helburu: hileta zerbitzuak, esku-hartze soziala eta ikerketa soziala eta estetikoa.
Iazko irabazlea
Aurten, lehen sektoreagaz zerikusia duen ideia onenak ere saria izan du. Oraska SL izeneko proiektuarentzat izan da, hain zuzen ere, 1.000 euroko saria. Oraska proiektua Errigoitin kokatutako artisau-ogi ekologikoa egingo duen lantegia da, garia edo beste zereal batzuetatik eratorritako produktuak eskainiko dituena. Gainera, Oraskak produktuen eskaintza zabalduko du etorkizunean, ortuko produktu ekologikoak eskainiko baititu. Oraska filosofia agroekologian oinarrituko da: produkzio prozesuan gardentasuna, ekoizle eta kontsumitzailearen arteko hurbiltasuna, biodibertsitatearen zaintza, autogestiorako gaitasuna eta elikadura-subiranotasuna, besteak beste.
Ideiaren sortzailea Maddi Amezaga Arriaga (Errigoiti, 1996) da. Amezaga Nekazaritza eta Abeltzaintza Ekologikoan teknikaria da. Joan den urtean berak jaso zuen Busturialdeko enpresa ideia lehiaketaren sari nagusia, Aldapeko Ahuntz Esnekiak proiektuagatik. Barikuan ezin izan zen egon sari banaketa ekitaldian, eta ordezko batek jaso zuen saria.
Aurten honakoek osatu dute epaimahaia: Nere Mintegi Elorriaga Bermeoko Udaleko ordezkaria, Aritz Kobeaga Arranz Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaria, Joseba Irazabal Obieta Ger- nika-Lumoko Udaleko ordezkaria, Joseba Mallea Lamikiz Urremendi LGEko ordezkaria eta Leire Zaballa HAZIko ordezkaria.
6.000 euro banatu dituzte saritan, enpresa ideiak martxan jartzen laguntzeko; izan ere, lehiaketaren helburuetako bat eskualdean lanpostu berrien sorrera bermatzea da.
Ideia guztiak, ongietorriak
«Gogoa» eta «ilusioa ez galtzeko» deia egin zien Maitane Leizaola Behatokiaren zuzendariak Busturialdeko gazteei. Ahaleginak «merezi» duela uste du Leizaolak, eta saridunak hiru baino ez badira izan, ideia guztiak Busturialderako zein Bizkairako «ongietorriak» direla nabarmendu zuen.