Konfiantza berreskuratzeko erakustaldia eman du Lointekek
Defentsa sendotu beharra zegoen, eta sendotu zen. Irabazi beharra zegoen, eta irabazi zuen. Lointek Gernika Bizkaiak 90-44 irabazi zion Nissan Al-Qazeres Extremadurari zapatuan.Hala, asteburuko emaitzen ostean, Dia Ligaren sailkapenean zazpigarren post...
Hala, asteburuko emaitzen ostean, Dia Ligaren sailkapenean zazpigarren postuan jarri da talde gernikarra, 18 puntugaz. Asteburu honetan Cadi La Seuren kontra nagusituz gero, eta IDK Gipuzkoak Campus Prometeren kontra galduko balu, Erregina Koparako sailkatuko litzateke.
Nagusitasunez jokatu, eta nagusitasunez lortu zuen garaipena Malosteko taldeak zapatuan. Defentsa jokoa hobetzea ezinbestekoa dela adierazi zuen Mario Lopezek aurreko astean, eta zapatuko partiduan lortu zuten jokalariek.
Intentsitatea partidu osoan mantendu zuten, eta defentsan bakarrik ez, erasoan ere asmatu zuten. Gainera, aurkarien hutsegiteak ondo aprobetxatu zituzten, eta jokaldiak borobiltzen asmatu zuten. Jokalariek gozatu zuten kantxan, eta harmailetako zaleak gozarazi zituzten.
Hasierako jokaldietan parekotasuna ikusi arren (9-11ko partziala 6. minutuan), etxekoek berehala argi utzi zuten garaipena lortzea zutela helburu. Hala, horretarako talde lan bikaina burutu zuten.
Bederatzi puntuko aldeagaz (20-11) amaitu zuten lehen laurdena, baina bigarren laurdenean apurtu zen partidua. Lointekekoek baloiak berreskuratu, eta aurkariengan hutsegiteak eragin zituzten.
Gainera, hiru hiruko jarraian lortzeak (Molina, Alston eta Bas) markagailuko aldea nabarmen handitu zuen ( 32-13).
40-20ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira, eta hirugarren laurdenean ere ez ziren gauzak askorik aldatu.
Besteren artean, Anna Gomez valentziarra eta Ameryst Alston estatubatuarra nabarmendu ziren. Azken hori bere aurreko taldearen kontra bikain aritu zen, eta erakutsi zuen aurreko denboraldian zergatik izan zen jokalari geldiezinetako bat.
69-31ko emaitzagaz, partidua erabakita zela, azken laurdenean erakustaldia borobildu zuen Lointekek.