Etxerat Lagun egiteko kanpaina hasi du Etxeratek Lea-Artibai eskualdean
Elkarteko kideek banatutako inprimakiak betez edo Internet bidez egin daiteke Etxerat Lagun. Diru ekarpenak egiteko bi kontu korronte zenbaki ere jarri dituzte erabilgarriSenideei babesa indartzeko unea da lelopean, Etxeratek Etxerat Lagun egiteko kanp...
Elkarteko kideek banatutako inprimakiak betez edo Internet bidez egin daiteke Etxerat Lagun. Diru ekarpenak egiteko bi kontu korronte zenbaki ere jarri dituzte erabilgarri
Senideei babesa indartzeko unea da lelopean, Etxeratek Etxerat Lagun egiteko kanpaina hasi zuen zapatuan. Horretarako, Ondarroan batu ziren Lea-Artibai eskualdeko hainbat presoren senideak.Etxeratek urrats berri bat emateko erabakia hartu du: hain zuzen, elkarteak presoen laguntza juridikoaren eta osasun laguntzaren ardura bere gain hartu du. Hala, Etxerat Lagun egiteak hiru modutako laguntza bermatzen duela azaldu dute: osasun laguntza, laguntza juridikoa eta senideei laguntza. «Etxerat Lagun ekimena Etxeratekiko elkartasun sentimenduak dituzten norbanako eta eragileak bilduko dituen ekimena da. Elkartea lagundu nahi duen edonor izango da Etxerat Lagun», azaldu dute.
Beraz, aurrerantzean, Etxeratek bi eremutan lan egingo du: alde batetik, ikuspegi juridikoari dagokionez, espetxeetatik presoak etxera bidean jartzeko abian jarri ahal diren ekimen juridiko guztiak martxan jarriko ditu, eta, beste alde batetik, oinarrizko giza eskubideen defentsarako eta espetxean preso dituztenen bizi baldintzak hobetzeko lanean jarraituko du: «Etxeratek bere gain hartutako erronka hori bermatu ahal izateko euskal jendartearen laguntza eskatzen dugu».
Elkarteko kideak Etxerat Lagun egiteko inprimakiak banatzen ari dira; hala ere, Internet bidez ere lagun egin daitekela gogorarazi dute, edo, nahiago duenak, Etxeraten kontu korrontean nahi duen diru ekarpena egin ahal du. Ondoko kontu korronte zenbakiak jarri dituzte erabilgarri: ES17-2095-5041-19-1062675540 (Kutxabank) eta ES54-3035-0025-88-02500839- 41 (Laboral Kutxa).
Oraingoz, Etxeraten jarduna ziurtatzeko, helburu nagusia dirua batzea dela esan dute: «Horretarako kuotakideak lortu behar ditugu, eta horretara zuzentzen ari gara gure kanpaina». Gaineratu dutenez, preso bakar batek ere laguntza faltarik ez izateko saiakera egiten ari dira.
Bestalde, elkarteari laguntzeko modu asko daudela gaineratu dute: «Ekarpen ekonomiko batekin, baliabide edo ezagutzen bitartez, ekimenetan lagunduz…»
Etxeraten lana
Euskal preso politikoen senitartekoek eta lagunek jasaten dituzten giza eskubideen urraketei buruz informazioa emateko eta urraketa horiek salatzeko lanean ari da Etxerat elkartea. Horrez gain, presoen urruntzearen eragina jasaten dutenei laguntza eta sostengua ematen die.
Euskal jendartearen gehiengo osoa gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztearen eta gainerako presoak hurbiltzearen alde dagoela gehitu dute.
Urteak pasata ere, hitz egin ezinik jarraitzen dutela agertu dute Etxerateko kideek: «Guk ez dugu aukeratzen senideak izatea, baina biktimak gara, zigorra betetzea guri ere badagokigu».
Kolektiboko presoen kopurua (314 preso) murriztu heinean, beharrak ere ugaldu egiten direla azaldu dute. «Datuak gordinak dira, eta preso gaixoen kopurua goraka doa modu kezkagarrian».