Fall Season goiti hartu du Diego Beaskoetxea gernikarrak, bakarkako zein bikotekako txapelketak irabazita. Speed Challengean Ibon Aldazabal berriatuarra izan da onena.
Daniako (Florida, AEB) frontoian garaipenak batzen jarraitzen du Diego Beaskoetxea puntista gernikarrak. Fall Season denboraldia amaitu berri, hiru txapelketatik bi irabazi ditu. Hain zuzen, onena izan da bakarkako (run out) kinieletan, eta Iñaki Urbieta zumaiarrarekin batera, bikotekako txapelketa (fall challenge) ere eskuratu du.
Late games kinieletan puntistarik prestatuena dela erakutsi du Beaskoetxeak, bi txapelketa eskuratuta. Bakarka jokatutako run out-ean 13 garaipen eskuratu ditu gernikarrak. Zorzti kiniela irabazi ditu Erik Mendizabal mutrikuarrak eta sei Jon Zulaika donostiarrak.
Bikoteka, Urbieta zumaiarra izan du Beaskoetxeak lagun, eta Zulaika-Israel bikotea mendean hartu zuten finalean, 15-11ko markagailua eginda.
Daniako pilotariek hiru txapelketa jokatzen dituzte Fall Season denboraldian. Hirugarrenean, speed challengean, Ibon Aldazabal pilotari berriatuarra izan da garaile.
Aldazabalek eskualdeko pilotari bat izan zuen aurrez aurre txapelketako finalean. Hain zuzen, Ubilla markina-xemeindarrarekin neurtu behar izan zituen indarra, baina Berriatuakoak aurrea hartu zion markinarrari, 190mph-ko marka lortuta.
Bi asteko atsedena. Bigarren mailako pilotarien txapelketetan, Ruben Bailo noaindarrak irabazi du banakakoa, eta Xabat-Zabala bikotea izan da onena.
Fall Season denboraldia amaituta, Daniako pilotariek bi asteko atsedena haartuko dute orain. Hala ere, zenbait pilotarik Euskal Herrira bidaiatuko dute, eta Gabonetako txapelketak jokatuko dituzte berton.