Gazteen arteko euskararen erabileran eragin nahi duen
Kuxkuxeroak egitasmoaren lehenengo saioa hartu zuen
Elai Alai aretoak atzo arratsaldean.
Alex Sardui gernikarragaz eta Izaro Andres mallabiarragaz kontu-kontari aritu ziren aretora bertaratutakoak. Haien hastapenak, bi musikariak zelan ezagutu ziren,
Aske maitte, aske bizi kantaren elkarlana zelan sortu zen, Elantxoben grabatutako bideokliparen nondik-norakoak, kontzertuetako eta biretako anekdotak, musika zaletasunak… askotariko gaiak izan zituzten hizpide.
Egitasmoa 12 eta 16 urte arteko gazteei zuzenduta badago ere, antolatzaileek hasieratik esan zuten ez diotela inori aterik itxiko, eta atzo ere belaunaldi desberdinetako herritarrak elkartu ziren Elai Alai aretoan.
Iametza enpresak Gernika-Lumoko Udalaren, Gaztelekuaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz martxan jarritako esperientzia pilotua da Kuxkuxeroak.
Euskararen erabileran erreferentzialtasuna landuz, eredu izan daitezkeen pertsonekin galdera librean aritzea bilatzen du, “modu naturalean”. Izan ere, ekimenaren sortzaileen berbetan, “euskarak erreferentzialtasuna behar du, bitarteko eta planteamendu desberdinekin”.
Kuxkuxeroak egitasmoa abendua eta 2018ko urtarrila bitarte gauzatu nahi dute, guztira, hiru saio eginda. Jakitera eman dutenez,
urtarrilaren 20an (19:00-21:00) egingo dute
bigarren saioa Gernika-Lumon, eta orduan
Nerea Mazo aktoreagaz egingo dute solasaldia.
Saioetan parte hartzeko ez da aurretiaz izenik eman behar, baina protagonistei
galderak bidaltzeko aukera dago
www.kuxkuxeroak.eus webgunean.
Egitasmoaren bultzatzaileek diotenez, gazteek hedabideetan agertzen diren pertsonaien (aktoreak, musikariak, kirolariak) portaerak kopiatzeko ohitura daukate, eta hori dela eta, hurrengo saioetarako ere gonbidatu ezberdinak ekarriko dituzte.