Mario Lopez: "Erregulartasun gehiago behar dugu, eta lehiakorragoak izan behar gara"
Dia Ligari dagokionez, lehen itzulia amaitzear da. Zelan ikusi duzu taldea lehen itzulian? Hasieratik arazoak izan ditugu. Gauza asko pasatu zaizkigu giro normala eduki ezin izateko, prestaketa on bat egin ahal izateko eta taldea osatu ahal izateko, denboraldi-aurrean hori baita normalean egiten dena. EuroCupak ere eragin digu; ez digu utzi aste bitartean normaltasunez entrenatzen. Gorabehera hauek kontuan hartuta, taldeak ez du lortu ligan bi partidu on jarraian egitea. Ez dut nahi EuroCupekoa eta denboraldi-aurrea behar den moduan egin ez izatea aitzakia moduan ulertzea, aurreko astean normaltasunez entrenatuta Logroñon ez ginelako lehiakorrak izan. Aitzakiak ipini baino, barrura begiratu behar dugu, eta taldea defentsan sendoago izateko, atzean jarrera hobea izateko lan egin behar dugu. Denboraldi honetan batik bat minutu gehien jokatzen duten jokalariak ez dira defentsan nabarmentzen direnetekoak. Baina jarreran gutxieneko batzuk eduki behar ditugu, kantxan gure izaeraren bereizgarri diren ezaugarriak ez galtzeko, eta, momentuz, ez da horrela izaten ari. Baina horretan gabiltza; ez diogu Kopari begiratu behar. Orain gauden baldintzetan mailari eustea, kategoria mantentzea da helburua. Horretarako etxetik kanpoko partidetan hobetzea ezinbestekoa dela esan duzu sarritan. Etxean Mann-Filterren kontrako partidua baino ez dugu galdu, hamar puntuko aldeagaz irabazten joanda. Eta etxetik kanpo partidu bakarra irabazi dugu. Mailari eustea bermatuko diguten garaipenak lortzen saiatu behar gara. Jokatzen gauden moduan ezin ditugu helburu handiagoak lortu. Egoera aldatu, eta beste helburu batzuk lortzeko borrokatu daiteke, eta horretarako lanean ari gara. Horretarako, jokoan erregulartasun handiagoa behar dugu, lehiakorragoak izan, batez ere, etxetik kanpo, eta beharrezkoa den jarrera eduki. Behetik asko indartu diren taldeak daude, eta horren adibide da Promete, gure kontra jokatu aurretik partidu bakarra irabazita zuen, eta guri erraz irabazi zigun Logroñon. Zamorak ere bi garaipen besterik ez ditu, baina sendotu da.“Mailari eustea bermatuko diguten garaipenak lortzen saiatu behar gara”

Denboraldi amaiera oraindik urrun dago, baina azken bi urteetako seigarren postu hori hobetzea al da helburua? Agian, jendea txarto ohitu dugu. Denboraldi berri bakoitzean aurrekoan baino sailkapen hobea lortu dugu, eta, aurten, ez gara horren ondo egiten ari. Hasiera txarra izan dugu, eta horrek konfiantza gutxitu, eta taldean zalantzak sortu ditu. Baina egoerari buelta eman behar diogu. Orain azken postutik hurbilago gaude, lehenengotik baino. Goian egoteko ilusioa eta nahia galdu barik, non gauden jakin behar dugu, bestela ez ditugulako partiduak aurrera aterako. Beheko postuetatik aldenduko gaituzten pare bat partidu irabazita, konfiantza hartu behar dugu. Ea denboraldi amaieran seigarren postu hori hobetzea lortzen dugun, baina, gaur gaurkoz, oso zaila ikusten dugu. Taldeak dituen helburuak lortzeko zein da giltzarria? Batez ere, defentsan hobetzea, gure jokoaz gehiago gozatzea, eta jokalari bakoitzak bere rola barneratzea, bere egitea. Denek jakitea talde barruan zein den bere zeregina. Rolak nahasten direnean talde batek ez du funtzionatzen. Etxeko partiduetan gozatzen ari gara, baina kanpoan gehiegi sufritzen gaude. Talde moduan etengabe hazteko giltza ez dugu topatu. Egunero hobeak izaten ahalegindu behar dugu. Partiduak irabazteko aukerak izateko erregulartasuna bilatu behar dugu. Atzean oso ahulak gara, eta erasoko ehunekoen mende gaude. Defentsan sendoagoa izan behar dugu. Erregina Kopa jokatzea guztiz baztertu duzue? Logroñon irabazita bosgarren postuan jartzen ginen, eta, orain, lehen itzulia amaitzeko falta diren bi partiduak irabazi behar ditugu, eta beste taldeen emaitzen zain egon. Gaur gaurkoz, ez dut kopan pentsatzen. Biharko partidua irabaztea dut buruan. Hain zuzen, ligan sei porrot eta bost garaipen daramatzazue. Zein izan da partidurik onena eta zein txarrena? Etxean partidu handiak jokatu ditugu. 13 puntugatik galtzen joanda, Ferroli irabaztea; hirugarren eta laugarren laurden oso onak egin genituen. Orain dela bi asteko IDKren kontrako etxeko partiduan ere oso ondo aritu ginen, 20 puntuko aldeagaz irabazita. Eta Estudiantesi 50 puntuko aldeagaz irabazi genion. IDKren kontrakoa oso konpletoa izan zen, baina, batez ere, Estudiantesen aurkakoan ikusgarri egon ginen. Txarrenak etxetik kanpoko Prometeren eta Araskiren kontrakoak izan dira. Jarrerari dagokionez, sentsazio txarrenak horietan utzi ditugu. Nahiz eta denboraldia ez izan nahi genukeena bezain arrakastatsua, jendeari eskatu nahi diot Malostera etortzen jarraitzeko. Ilusioa izan eta taldea babesten jarraitu dezatela, ilusioa eta gogoa ez galtzeko. Zaleak atzean izatea eskertu beharrekoa da, eta taldeak inoiz baino gehiago behar ditu.“Barrura begiratu, eta taldea defentsan sendoagoa izateko lan egin behar dugu”