«'Isla' disko berriak badauka harrapatzen zaituen zerbait»
Euskal Herrian konposatzen hasitako disko berria Kuban grabatu du Audience musika taldeak. Musikari kubatarren kolaborazioekin osatu dute gernikarrek beraien zortzigarren lana.'Isla' lan berria eraman duzue Durangoko Azokara, eta kontzertua ere eman du...
Euskal Herrian konposatzen hasitako disko berria Kuban grabatu du Audience musika taldeak. Musikari kubatarren kolaborazioekin osatu dute gernikarrek beraien zortzigarren lana.
‘Isla’ lan berria eraman duzue Durangoko Azokara, eta kontzertua ere eman duzue. Nolako harrera izan du?Jende asko batu zen kontzertuan, eta gure aldetik ere, uste dut orain arte emandako bost kontzertuetatik onena izan dela, bai teknika eta bai interpretazioari dagokionez ere. Disko berriak, gainera, aurreko lanak erostera erakarri du jendea.
Urriaren 20an aurkeztu zenuten lan berria Bilbon, eta azaroaren 4an Gernika-Lumoko Lizeon. Etxean jotzea berezia al da?
Oso berezia da etxean jotzea; gainera, tradizio ere bilakatu da. Lehenengoa 2001an ateraz geroztik, bi urteko aldizkakotasunagaz jo izan dugu Lizeon. Oraindik ere Lizeon jotzen dugun bakoitzean urduri sentitzen gara, badakigulako ohiko publikoaz gain, lagunak eta familia ere izango direla. Kontzertu bat emateko eszenatokia bera ere arlo teknikotik guretzat oso berezia da; izan ere, tamaina aldetik zein baliabide tekniko aldetik oso ondo moldatzen da gure kontzertura. Lizeon jotzen dugun gehienetan, gainera, gure ikuskizun berezi bat edo disko bat aurkezteko izaten da. Urduritasun puntu bat, hortaz, beti izaten dugu, eta emozioz betetakoa eguna izaten da. Azaroaren 4an bizitakoagaz ere oso pozik gaude. Aurtengoa, gainera, are bereziagoa izan da; publikoaren artean jende oso adierazgarria ikusi dugulako. Adin ezberdinetako jendea bildu zen; tartean, gure lagunen semeak. Lizeoa bete egin genuen.
Ordutik hainbat kontzertu eman dituzue. Nola joan dira?
Oso ondo. Orain arte egin ditugun kontzertuekin alderatuta, nabaritu dugu disko berriak badaukala harrapatzen zaituen zerbait; izan ere, kontzertuetan inoiz baino disko gehiago saltzen ari gara. Harrituta geratu gara. Bilboko Kafe Antzokian ia 200 bat lagun bildu ginen, eta ostegun soil bat zen. Gasteiz plaza zaila bada ere, Jimmy Jazzen 100 pertsona inguru izan genituen. Beraz, oso pozik gaude jendearen orain arteko harreragaz.
Zer dauka diskoak jendea erakartzeko?
Ez dakit komunikazioan asmatu dugulako izan bada, edo benetan edukian badago giltzarria. Nik uste dut disko berria inoizkoa baino eklektikoagoa dela, eta zentzu askotan beste diskoek eduki ez duten aniztasuna daukala; esaterako, hizkuntzari dagokionez. Disko honek abesti bat erderaz dauka, hiru abesti euskaraz eta gugan ohikoa den legez, ingelesezko abestiak ere baditu. Gainera, euskara eta ingelesa uztartzen dituenik ere bada. Beraz, ez dakit, Kubara joan izanak, hizkuntza aniztasunak, estiloak berak edo komunikazioan asmatu izanak eragin duen. Edo baliteke orain arteko ibilbideagatik ere jendeak saritu egin gaituen. Oraindik goiz da diskoaren harreraz hitz egiteko, baina hedabideetan, esaterako, indar nahikoa eduki duela uste dut. Prentsa espezializatuan ere garrantzia ematen ari dira, eta gure inguruan ikusten dugunarekin ere oso pozik gaude, momentuz. Hala ere, zuhurtziaz jokatu nahi dugu, diskoak ibilbide luzea baitauka aurretik oraindik.
Estilo aldetik disko berriak aldaketarik al dakar?
Guk beti eduki dugu gure burua rock taldetzat, baina, denboran aurrera, musika tresna berriak sartzen joan gara. Batzuk beste batzuk baino hobeto menperatzen ditugu, baina beti izan gara nahikoa ausartak zentzu horretan. Gauza berri bat probatzen dugunean berehala taldean sartzea gustatzen zaigu, nahiz eta ondo menperatu ez. Eta horrek arrisku kutsua ere ematen dio. Beharbada, taldeako kide izanik, ez gara gure bilakaeraz jabetzen, baina atzera begira, nabaritzen dugu aldaketa hori. Lehen diskoan, adibidez, abestu baino, garrasi egiten genuen, eta hirugarren diskotik aurrera hasten gara abesten. Lehenengo bi diskoetan postrock estiloa lantzen genuen, eta hirugarrenetik aurrera jo izan dugu gure musika sustraietara; blues, country… Eta laugarrenean, berriz, amerikana deitzen den estilo horretara hurbiltzen hasi ginen, eta pianoak indar gehiago hartzen du.
Ibilbide luzea du atzean Audiencek. Nolako bidea egin du?
Erosoa izan denik ezin esan. Modu batean, lurrikara txiki baten moduan hartu izan dugu. Oso talde finko eta egituratua izan gara, harik eta 2015ean Hannot Mintegiak eta Mikel Sagarnak taldea uztea erabaki zuten arte. Momentu batean pentsatu izan genuen taldeak ezingo zuela egoera hartan aurrera egin. Baina beste hirurok argi geneukan musikagaz jarraitzeko gogoa geneukala eta Audiencek bideari eutsi behar ziola. Hala, Ruben Garatearen sarrerak animo asko eman izan digula uste dugu. Bateriagaz ere arazoak izan ditugu, Sagarnak taldea utzi zuenetik hiru bateria jole izan baititugu taldean. Mariana Perezek grabatu zuen diskoa Kuban, baina orain, Ander Marino Elorza lekeitiarra daukagu gugaz. Oso gustura gaude talde berriagaz. Taldeak aurrera jarraituko zuenaren zalantzan geneukan egoera latz horretatik magia apur bat ateratzea lortu dugu. Esfortzu guztiak mahai gainean jarri eta Kubara joatea lortu genuen proiektu potolo hau gauzatzera. Eta orain bere fruituak ematen ari da proiektua.
Nolakoa izan da Kubako esperientzia?
Esperientzia ikaragarria izan da. Zazpi egunez egon ginen estudioan grabatzen, bat-batekoa izan zen bertan egindako lana; eraginkorra. Eta horrek freskotasuna eman dio lanari; perfekzionismoa bilatzen dugunean diskoak askotan freskura galtzen baitu. Silvio Rodriguezen estudio horrek potentzia handiko instalazioa dauka. Kuban ez dago rock musikaren kulturarik; hori dela eta, rock musika grabatzeko zenbait erronka izan genituen estudioan. Guretzat oso garrantzitsua izan da Angel Azkarraga Matxitxa egun ezagutzen dugun euskal musikaren industria egin zuenetariko bat Kuban izatea.
Esperientziekin jarraituz, Amerikanuak eta Jai Alai Blues dokumentalei soinu banda ere jarri zenieten. Eraginik izan al zuen horrek zuengan?
Soinu bandek uste dut gure ibilbidea baldintzatu egin dutela. Amerikanuak-ek, esaterako, uste dut publiko euskaldunarengana gehiago hurbiltzea ekarri duela, ordura arte jendeak arrotz ikusten baigintuen, nahiz eta euskaldunak izan. Horren ostean, AEBtara joan ginen grabatzera. Oso esperientzia polita izan zen guretzat; gainera, lehen mailako ekoizle bategaz grabatu genuen: John Agnellogaz. Aerosmith taldeagaz zein Bob Dylan abeslariagaz lan egin du, beste hainbaten artean. Guretzat luxua izan zen. Jai Alai Blues-aren esperientzia etorri zen gero, eta horren ostean bizi izan genuen lehen aipatutako lurrikara hura. Mirari bat izan da 15 urtez baino gehiagoz talde osaketa berberak jarraitzea. Taldekide aldaketagaz proiektu potolo bat behar genuen eta Kubara abiatu ginen. Hala, Kubatik, gure errepertorioan oso ohikoak ez diren doinuak ekarri ditugu; musikari kubatarrekin kolaboratu dugu, eta beraien ekarpena nabaria dela deritzot. Eragin latindar horiek diskoaren erdialdean sartu nahi izan genituen; diskoa bera bidaia bat bezala proposatzen baitugu. Alegia, Audience taldearen ohiko doinuekin abiatu, soinu latino eta erritmo kubatarrekin jarraitu eta gure sustraietara bueltatu.
Eta aurrera begira, aurreikusten al duzue kontzerturik?
Aurtengo emanaldiekin bukatzeko, Donostiako Intxaurrondo auzoan izango gara bihar. Bide Huts kolektiboak hamar urte betetzen ditu aurten, eta disko bat kaleratu du. Kolektiboko parte garen bederatzi taldeok gainontzeko taldeen abestien bertsioak egin ditugu eta horiek bildu ditu Bide Hutsek. Disko hori aurkezteko kontzertu berezi bat emango dugu. Behin urtea bukatuta, Isla diskoaren aurkezpen aldi hau nola joan den ikusi beharko dugu. Urtarriletik aurrera proposamen ugari ditugu eta erabaki egin beharko dugu horietatik zeintzuk aukeratu. Gauzak lasaitasunez hartu nahi ditugu. Kontzertu zein proiektu erakargarriak ditugu, baina oraindik konfirmatu gabe daude.
Ba al dauka epe mugarik Audiencen bideak?
Ni, behintzat, ez naiz horretan pentsatzen jarri. Taldekide aldaketak eta bizi izan ditugun zailtasunek taldea dinamikoagoa egitea eragin dute. Moldatu edo aldatu ahal garela ikusi dugu. Egun daukan taldea ikusita, nik, behintzat, badaukat beste hamar bat urterako erregaia.