Epaileak ez du oraindik Iparragirreri buruzko erabakirik hartu
Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok ez du oraindik Ibon Iparragirre aske uztea erabaki. Iparra Galdu Baik plataformak esan du azken egunetako zurrumurruak ez direla baieztatu, eta Ibon Iparragirre euskal preso gaixo larriak Alcala-Meco (Madril, ...
Azaldu dute egia dela Castro epaileak bere mahaigainean daukala aste hasieratik Iparragirreren osasunari buruzko txostena, baina oraindik ez du erabakirik hartu presoa kartzelatik ateratzearen inguruan.
Plataformak «positiboki» baloratu du epailearen mahaigainera azken mediku txostena ailegatu izana, baina gogora ekarri nahi izan dute beste hainbat txosten ere igaro direla jada Castro epailearen eskuetatik. «Iparragirreren osasun egoera eta presondegian jarraitzearen bateraezintasuna azpimarratzen zuten txostenak» izan dira, baina epaileak ez du oraindik ezer erabaki: «Ibonen askatasuna epailearen esku dago une honetan».
Azken txostena Madrilgo Medikuen Elkargoko mediku batek egindakoa da, Castro epaileak berak eskatuta.
Iparra Galdu Baik plataformak deituta, elkarretaratzea egingo dute, ohi legez, domekan, 13:00etan hasita, Ondarroako Itsasaurre plazan.
Sorturen iritzia
Sortuk, beste alde batetik, bere iritzia eman du ohar baten bitartez: «Mediku-perituak egin duten txostenak ez du inolako zalantza izpirik uzten Ibon Iparragirreren osasun-egoerari buruz: hain larri dagoenez hiltzeko arrisku handia dauka, eta kartzelako baldintzek haren egoera okertu besterik ez dute egiten». Txostenaren sendotasuna dela eta, Iparragirre etxeratzea espero eta desio dutela esan dute.
Azken egunetan hainbat informazio oker zabaldu direla nabarmendu du plataformak, besteak beste, 2011. urtean Ibon Iparragirreri zigorra etxe kartzelan betetzea agindu zioteneko albistea.
Plataformak informazio ez ofizialak ez zabaltzeko eta «zuhurtziaz jokatzeko» eskatu du, horrela ez egiteak «kaltea eragin diezaioke-eta Iboni berari, bere lagunei eta bere senideei». Aitortu dute beraiek direla Ibon etxean ikusi nahi duten lehenengoak, baina halako momentuetan kontu handiz jokatzeko esan dute.