Beti betikoan
Urtea hasten dugunean urrutira begiratzeko joera izaten dugu askotan, asmoak eta helburuak betetzeko nahikoa denbora izango dugulakoan. Urtea bukatzear, berriz, helburu eta nahi asko haizeak eramaten ditu, nire kasuan, behintzat.Urtea ez nuen erretxind...
Urtea ez nuen erretxinduta bukatu nahi, baina bizitzak mikatzetik gehiago eskaintzen digula sinisteaz gain, gaiak era-era jartzen dizkigutela aitortu beharrean nago.
Urriaren bukaeran ekin zion Urkullu jaunak Canadako bidaia ofizialari. Nonbaiten irakurri nuen bereziki hunkitu zela Quebeceko Legebiltzarrean ikurrina mastan ikusi zuenean.
Quebeceko lehen ministroa frantsezez zuzendu zitzaion Urkulluri, honek berriz espainolez erantzun zion. Itzultzailea bitartekari, frantsez-espainol itzultzailea. Frantsezez eta euskaraz dakien itzultzailerik ez inguruan? Edo euskarak ez du balio harreman ofizialetarako…?
Euskararen Nazioarteko Eguna ere joan da. Estamendu ofizialetatik betiko hitzak eta pitzak, nor egongo da bada honen kontra? «Gure ondarea zaindu eta indartu egin behar da…», «erabilpenean indarrak jarri behar ditugu…», «bla, bla, bla…», hitz hutsak…
Belarriak erne jartzea besterik ez konturatzeko zein den politikoek, enpresaburuek, kirolariek eta goi mailetan mugitzen diren askok duten euskara maila eta euskararekiko jarrera. Negargurak ezintasunari egiten dio lekua askotan. Hainbestetan, egun seinalatuetan… esaten diren hitz potoloak hortxe bukatzen dira. Ahalegin txikienik ere ez da ikusten urteak pasa arren.
Lekutan gelditzen dira Katalunia aldean bizi eta entzuten ditugun ereduak. Denbora guzti honetan gutako askoren belarriek gozatu ederra hartu dute katalanez entzutean, eta ausartuko nintzateke esatera lehen baino gehiago ulertzen dugula. Bertako agintari, politiko, herritar eta mundu guztia katalanez mintzo da behin eta berriz eta leku guztietan. Belgikan ez ezik nazioartera zabaldu dute katalanek euren afera, euren hizkuntzan. Beste behin ere, lezioa ematen ari direla esango nuke. Eta non gaude gu euskaldunok? Itxurakeria hutsean gelditu behar al dugu beti?
Eta baten batek esango du betiko matrakarekin natorrela. Eta baten batek esango du aurrera egin dugula, ez dela hain txarra egoera… Eta…
Igandean belarriak gozatzeko aukera izango dugu, eta gaitz erdi. Euskara ezberdinak entzuteko eta gozatzeko aukera eskeiniko digu igandeko liturgiak. Emozio ezberdinak bizitzeko aukera. Barakaldok euskararen olatua jasoko du lau urtez behin bada ere.