Armen bidalketan ez laguntzeko eskatu diote aldundiari Gernika-Lumon
EH Bilduk eta Podemos Bizkaiak arauz besteko proposamena aurkeztu zuten atzo, Batzar Nagusietan. Elkarretaratzea egin zuen Juntetxe aurrean Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformakEH Bilduk eta Podemos Bizkaiak «Bilboko portutik Saudi Arabiara egiten den...
EH Bilduk eta Podemos Bizkaiak arauz besteko proposamena aurkeztu zuten atzo, Batzar Nagusietan. Elkarretaratzea egin zuen Juntetxe aurrean Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak
EH Bilduk eta Podemos Bizkaiak «Bilboko portutik Saudi Arabiara egiten den arma-salmentari buruzko arauz besteko proposamena» aurkeztu zuten atzo Batzar Nagusietan, bertan eztabaidatu zedin. Ez zuten, baina, proposamena onartu, aldeko 15 boto eta ezezko 32 boto eman baitzituzten. Bien bitartean, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak elkarretaratzea egin zuen Juntetxe kanpoan, Gerrarik ez lelopean.Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aipatu plataformek eta Ongi Etorri Iruñea harrera hiria plataformak Bizkaiko Batzar Nagusiei eskatu diete «Bizkaiko Foru Aldundia premiatzeko Saudi Arabiari armen bidalketan laguntza eman ez diezaion».
Plataformek gogorarazi dute aldundiak disziplina-espediente bat zabaldu ziola Bilboko suhiltzaile Ina Roblesi «joan den martxoaren 13an Bilboko portuan Saudi Arabiara bidaltzeko ziren 4.000 tona bonbak ontziratzen laguntzeari uko egiteagatik».
Jakitera eman dutenez, aldundiak eta Bilboko Portuko Agintaritzak 2011n sinatutako hitzarmenaren arabera, zama arriskutsuak daudenean suhiltzaileen presentzia eskatzen dute.
Baina proposamenean jaso dutenez, «horren aitzakipean armen merkatuagaz kolaboratzea Eusko Legebiltzarrak onartutako Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko 14/2007 Legearen kontra doa».
Horrenbestez, hitzarmen hori aldatzeko eta honakoa jaso dezaten eskatu zuten atzo Batzar Nagusietan; «Zama arriskutsuetatik kanpo geratuko dira armagintza-merkatuari eta orokorre- an industria militarrari loturiko ontziratzeak eta desontziratzeak». Modu berean, EH Bilduk eta Podemos Bizkaiak atzo aurkeztutako proposamenak aldundiari eskatzen dio «bere langileek duten kontzientzia-eragozpena gauzatzeko eskubidea arautu» dezan.
Konpromisoa
Izan ere, aipatu plataformetako kideentzako «oso garrantzitsua da gobernua giza eskubideekin konprometitzea, eta ez parte hartzea Yemengo biztanleria zibilaren kontrako sarraskian».
Salatu dutenez, Saudi Arabia «etenik gabe ari da bonbardatzen Yemengo eskolak, etxeak eta ospitaleak», bertako milaka pertsonaren hilketak eraginda.