Kirola eta musika baliatuko dituzte gaitz arraroak ikertzeko dirua batzeko
'Eutsi Gogor, danok batera' proiektuaren aldeko bi ekintza solidario antolatu dituzte; abenduaren 23an, Gabonetako jaialdi solidarioa egingo dute, eta, 31n, San SilbestreKate Sarea elkarteak kirolagaz eta musikagaz lotutako bi ekimen solidario antolatu...
‘Eutsi Gogor, danok batera’ proiektuaren aldeko bi ekintza solidario antolatu dituzte; abenduaren 23an, Gabonetako jaialdi solidarioa egingo dute, eta, 31n, San Silbestre
Kate Sarea elkarteak kirolagaz eta musikagaz lotutako bi ekimen solidario antolatu ditu, Eutsi Gogor, danok batera proiektuaren baitan: Gabonetako jaialdi solidarioa eta San Silbestre lasterketa.Kate Sareak eta Eutsi Gogor, danok batera proiektua osatzen duten gaixotasun arraroak dauzkaten umeen familiek Bermeoko eta Mundakako udalen babesa daukate bi ekintza horiek antolatzeko, bai eta herritar, ikas- tetxe, enpresa, komunikabide, denda eta tabernen laguntza ere. Horiek guztiek emandako babesa eskertu gura izan zuten atzo egindako aurkezpenean.
Kate Sarea elkarteko presidente Mirenlur Santiagok aipatu proiektuaren helburuak gogorarazi zituen atzo: «Gaixoei eta euren familiei ahotsa eman nahi diegu, eta dauzkaten gaixotasun arraroak ezagutzera eman nahi dira batetik, eta, familiek bizi dituzten egoeren berri eman gura da, bestetik. Era berean, ikerketarako eta familia horiei laguntzeko laguntzak jaso gura ditugu; izan ere, tratamenduek, ospitaleetara joan-etorriek, terapiek eta bestelakoek kostu handia daukate».
Zazpi dira Bermeon gaixotasun arraroen kasuak: Rett sindromearen bi kasu, Duchenne-ren distrofia muskularraren bat, Langerhans zelulen Histiocitosis-a, hemofilia kasu bat, Tximeleta azalaren (epidermolisis anpoilatsu distrofikoa) beste kasu bat eta Traps sindromea izan daitekeen kasu bat. Mundakan, berriz, Marfan sindromearen kasu bat dago.
Eskualdean gaixotasun arraroak dauzkaten umeen famili guztiengana iristea dute helburu; «Busturian eta Gernika-Lumon ere zeinbat kasu badaudela» badakite. Hala ere, familia bakoitzak bere prozesua behar duela uste dute, horregatik gutxi-gutxika joango dira. «Hala ere, proiektuaren izenak berak dioenez, danok batera errazago egingo dugu bidea», esan du Santiagok.
Proiektuaren izena nondik datorren ere azaldu gura izan zuen Santiagok: «Eutsi Gogor, orain dela urte batzuk Bermeon sortutako marea laranjatik dator. Danok batera, berriz, gauzak elkarrekin errazago egiten direlako».
Yurdana Zuzaetak esker hitzak izan zituen, eta familia bat osatu dutela esan zuen, «onerako eta txarrerako» elkarrekin daudela nabarmenduta. Batzea «onuragarria» izan dela uste du, «umearentzat zein familia osoarentzat». Hala, «arinago» batu behar zirela nabarmendu zuen. Gaixotasunak onartzea zaila dela badakite, baina prest daude laguntzeko, eta edozein galdera egiteko eurengana hurbiltzeko deia egin dute familiek.
Bi motako sarrerak
Gabonetako jaialdi solidarioa Artza frontoian izango da abenduaren 23an, 19:30ean hasita. Musika izango da protagonista nagusia, baina dantzak ere egongo dira. Bermeo eta Mundakako taldeek parte hartuko dute: Alkartasuna Dantza Taldea, Beti Lagun abesbatza, Udalaren Musika Eskolako koru txikia, Erroxape Abesbatza, Dantzaz Blai taldea, Kankinkabara txistu taldea, Bermeo, Izaro eta Mundakako abesbatzak eta Josu Zabalondo. Era berean, ikastetxeetako gazteek ere parte hartuko dute.
Jaialdirako sarrerak 8 euro balio ditu, zozketa baterako zenbakiagaz. 3 euroko beste mota bateko sarrera ere egin dute, jaialdira joaterik ez dutenentzat, baina lagundu gura dutenentzat. Sarrerak salgai daude jada honako lekuetan: Luma liburudendan, Erroxaperen egoitzan eta Minbiziaren Aurkako Bermeoko Elkartearen egoitzan. Abenduaren 22an eta 23an, berriz, Artza frontoian salduko dituzte, 10:30etik 12:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Abenduaren 31n, bestalde, Bermeoko eta Mundakako San Silbestre lasterketetan batutako dirua ere proiektu berera zuzenduta egongo da.
Bermeoko San Silbestre lasterketa 13:00etan hasiko da portuko Olatua eskulturaren inguruan, eta adin guztietako pertsonek parte hartu ahalko dutela esan du Bermeo Txirrindularitza Taldeko Pedro Bilbaok.
Parte hartzaileek hiru ibilbide edukiko dituzte aukeran: 500 metrokoa (Olatu-tik Lamerara), 2 kilometrokoa (Olatua, Lamera, Erremedio kalea, Goiko Plaza, Baztarre, San Juan Portale, Zubi Gane eta Lamera) eta 4 kilometrokoa (2 kilometroko ibilbidea bi aldiz).
Dortsalak 2 euroan eskuratu ahalko dira bihartik abenduareren 30era arte, Intersport dendan. Abenduaren 31n, berriz, Lameran, kiosko alboan eskuratu ahalko dira. Hasteko 300 dortsal egin dituztela esan du Bilbaok, baina gehiago egin beharra edukitzea espero dutela gaineratu du. Jakinarazi duenez, ez da sailkapenik egongo.
Arratsaldean, Mundakak hartuko du lekukoa, 17:00etan emango diote hasiera San Silbestre lasterketari.
Bermeon aurten lehenengoz antolatu dituzten bi ekintza horiek urtero antolatzen jarraituko dutela jakinarazi dute, eta ez dutela urtero dirua helburu berera zuzenduko.
Eskertzeko jarrera
«Arazoen aurrean desberdin egiten gaituena jarrera da, eta zuena eskertzekoa da. Herritarrentzako eredugarriak zarete», esan zuen atzoko aurkezpenean Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek. Mundakako alkate Aitor Egurrolak, bestalde, Kate Sarea elkartea eskertu zuen, «Mundaka kontuan izateagatik», eta animoak eman zizkien guraso guztiei.