Europako Batasunak legatz kuota %12 jaitsi duelako kexu dira arrantzaleak
Aurreikusitako murrizketa baino txikiagoa den arren, asko dela aitortu dute. Antxoaren eta zapoaren kuotak aurten bezala jarraituko dute. Txitxarroaren kuota %21 handitzea erabaki duteEuskal arrantzaleak kexu dira Europako Batasunak legatzaren kuota %1...
Aurreikusitako murrizketa baino txikiagoa den arren, asko dela aitortu dute. Antxoaren eta zapoaren kuotak aurten bezala jarraituko dute. Txitxarroaren kuota %21 handitzea erabaki dute
Euskal arrantzaleak kexu dira Europako Batasunak legatzaren kuota %12 jaistea erabaki zuelako atzo Bruselan egindako bileran. Gehienezko Harrapaketa Kopuru Onargarriaren urteko kuota eta Ozeano Atlantikoan zein Ipar itsasoan ezarriko diren arrantza kuotak zehaztu zituzten bileran.Hasierako murrizketa handiagoa izatea espero bazen ere, %30ekoa hain zuzen, murrizketak oraindik ere handia izaten jarraitzen duela esan dute kofradietako arduradunek. 22 orduz bilduta egon eta gero lortu zuten espezie desberdinen kuoten inguruko adostasunera iristea Europako Batasuneko arrantza ministroek; frantziarrak eta espainiarrak izan ziren jaitsiera ahalik eta txikiena izateko gogorren negoziatu zutenak. Laugarren aldia da legatzaren kuotak murrizketa jasaten duena.
Kofradietako arduradunek adostutakoa euskal arrantzaleentzat txarra dela aitortu zuten, eta legatzaren kuotaren murrizketak baxurako ontzietan eragingo dituen kalteak konpentsatzeko eskaria egin zuten.
Europako Batasuneko herrialdeek 9.257 tona legatz arrantzatu ahalko dituzte 2018an. Hortik 5.923 tona dira espainiar estatuko ontziei egokitzen zaizkienak. Espainiako Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurugiro ministro Isabel Garcia Tejerina pozik agertu da hasierako proposamenetan agertzen ziren murriz- ketetatik mugitzea lortu dutelako Europako Batasuna. Ministerioak argitaratutako ohar batean dio, «lortutako akordioak ontzien eta langileen egonkortasuna mantentzen lagunduko duela, eta posible zen etekin maila altuena» lortu dela.
Negoziaketak hain gogorrak izatea Europako Batasunak 2018an bertan espezie guztiekin martxan jarri nahi duen gehiengo etekin iraunkorra lortzeko prozesuak eragin du. Iraunkortasunean oinarritutako estrategia hori 2020rako ezarri behar bada ere, Europako Batasuna hurrengo urterako ezartzen ahalegindu da.
Antxoa eta txitxarroa
Antxoari dagokionez, Bizkaiko Golkoan arrantzatu ahal izango dena aurtengo kopuru bera izango dela esan zuten. Tejerina ministroak pozik hartu du erabakia, berriro ere beste urte batez antxoaren biomasak hazten jarraitzen duela iritzita. Txitxarroaren kuota, berriz, %21 igo dute aurtengoagaz alderatuz gero. Zapoak ere bere horretan jarraituko du.
Europar Batasuneko herrialdeek 33.000 tona antxoa arrantzatu ahal izango dituzte gehienez ere; espainiar estatuko ontziek 29.700 tona lehorreratu ahal izango dituzte.
Zapoaren kuota, ostera, 8.980 tonakoa izango da kontinente mailan, eta estatu espainiarrari 1.368 tona egokitu zaizkio.