Gabon kanten entsegua egingo dute Ispasterren, domekan
Aurten ere abenduaren 24an Gabon kantak abestera aterako dira ispastertarrak, eta saioa behar bezala prestatzeko, entsegua egingo dute domeka arratsaldean. 19:00etan jarri dute hitzordua Iñigo Egiluz aretoan.Jakitera eman dutenez, domekan bertan biltz...
Jakitera eman dutenez, domekan bertan biltzen direnen artean erabakiko dute ondorengo egunen batean entsegu gehiago egingo duten ala ez, eta egitekoan noiz egingo duten.
Hala, Ispasterko udal ordezkariek zein kultura eta jai batzordeko kideek domeka arratsaldeko entseguan parte hartzera animatu dituzte udalerriko ume, gazte zein nagusiak.
Abenduaren 24an, 15:30ean elkartuko dira plazan, eta jarraian, ohiturari eutsita, auzorik auzo ibiliko dira Gabon kantak abesten. Hain zuzen ere, Olentzero etorri bitartean egingo dute erronda, eta horren ostean, kantuan emango diote ondoetorria plazan ikazkinari.
Elkartasuna
Azken urteetan legez, batutako dirua ekimen solidario batera bideratuko dute. Iker dezagun iktusa lelopean garuna kaltetzen duen gaixotasun horren inguruan informatu, sentsibilizatu eta dirua biltzeko EITBren elkartasun maratoirako izango da bildutakoa (EITBk ikerketarako emango du dirua).
Adituek emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 6.000 iktus kasu izaten dira urtean, eta 1.400 pertsona hiltzen dira horren ondorioz urtero. Emakumeen heriotzen lehen eragilea da, eta ezintasunen eragile nagusia eta dementziaren bigarrena. Osakidetzan 37 proiektu eta azterketa kliniko daude martxan orain momentuan, 560.000 eurotik gorako finantzaketagaz.