Santanape kiroldegiko igerilekua «eraginkorragoa» egingo dute
Gernika-Lumoko Udalak jakinarazi duenez, Santanape kiroldegiko igerilekua «eraginkorragoa» izango da urte bukaerarako. Eta hori energia termikoa berreskuratzeko tresna baten bitartez lortuko dutela azaldu du. Hala, «urak duen energiaren %140 inguru» berreskuratuko da egunero.
Aipatu tresna berri horri esker, gainera, «mantentze gastua murriztu, uraren kalitatea hobetu eta aire-filtroa garbitzeko beharrizana eta produktu kimikoen erabilera ere murriztuko» direla azaldu du Gernika-Lumoko Udalak.
Igerilekuaren erabilpenak sortzen dituen gastuak –garbitasun-baldintza onenak bermatzeko, uraren bolumenaren %5 berritu egin behar izaten da, eta hormetatik galdutako ura konpentsatu egin behar izaten da – murriztu egingo ditu metodo berri horrek , «igerilekutik ateratako ura erabilita beroa emateko iturri moduan, hustubidetik bota aurretik».