Kosnoaga Igeriketa Taldeak hamarkada bateko ibilbidea bete du dagoeneko. Igeriketak dituen onuren jakitun, umeei ondo egiten erakusteko sortu zuten 2006 urtean. Ordutik, pausoz pauso bidea eginez, taldea sendotzea lortu dute, eta aurreko denboraldian lortutako emaitza bikainak dira sendotze horren emaitza nabarmenetakoak.
Emaitzek lagundu arren, igerilekuko leku faltak baldintzatzen du euren jarduna. Gaur gaurkoz, hori da taldea handitzeko duten oztopo nagusiena. Hala, taldearen geroa “baldintzatzen” diela adierazi dute: “Ditugun baldintzekin lorpenak eskuratzea izugarria da, horrek esan nahi du badaudela umeak oso onak datozenak, eta guk pentsatzen dugu aukera eman behar zaiela. Gure aldarrikapena da igerileku berri bat egitea. Helburua beste baldintza batzuetan igeri egin ahal izatea da”.
Santanapeko kiroldegiaren igerilekuko arazoa politikariek “euren agendan sartzea” eskatu dute; gertatzen ari denaren jakitun izatea. Izan ere, erabiltzaile arruntekin batera, Kosnoagako zein kiroldegiko ikastaroetako igerilariak elkartzen dira, baina lekua falta dute. Kosnoaga Igeriketa Taldeak ordutegiak eta kaleak zehaztuta ditu, baina batzuetan arazoak sortzen direla azaldu dute. Epe laburrean irtenbideren bat topatzea zaila ikusten dute, baina udalagaz harremanetan daude.
Minbizia duten umeei laguntzeko maiatzaren 21ean egin zen maratoi solidarioagaz bat egin zuten Kosnoagako igerilariek.
Argazkia: Kosnoaga Igeriketa Taldea.
Gaur egun, 80 bat ume dituzte, hamar taldetan banatuta. Horietako bi autismoa edota down sindromea daukaten ume disfuntzionalenak dira. “Astean behin edukitzen dute saio bat. Euren gorputzerako zein bururako onuragarria da; igerian egoteak onura fisiologikoak ekartzen dizkie”.
Beste talde bat mantenimendukoa da; lehiatu gura ez dutenena. Erritmoa ere askoz ere lasaiagoa da, teknikari ere garrantzi gutxiago ematen zaio, nahiz eta ematen zaion.
Federatuen taldea
Bestalde, hamazazpi igerilari daude federatuen taldean. Oso ondo lehiatuta, aurreko denboraldian hainbat domina irabazi zituzten. Orain arte federatuetara oso igerilari gutxi heltzen zirela azaldu dute. “18 urtetik aurrera oso zaila da jarraitzea; oso argi eduki behar duzu igeriketa dela zurea, eta, bestetik, beste hainbat faktorek baldintzatzen dute. Urte hau kontutan hartuta, badugu talde sendoa beste bost urterako”.
Federatuak umetatik dabiltza elkarregaz; zazpi bat urte daramatzate igeri egiten. Halaber, Bermeo eta Zornotzako taldeetatik etorritakoak ere sartu dira taldean, eta erraz elkar hartu dute.
Entrenamenduak oso ondo prestatzeko zereginean dihardute hiru entrenatzailek, eta euren lana azpimarratu dute: “Oso maila altuko entrenatzaileak dira, eta teknika aldetik asko irakasten ari dira umeei. Profesionala izan barik oso profesionala da taldea”.
Federatuen taldea Bizkaiko Txapelketan ekainean, Santurtzin.
Argazkia: Kosnoaga Igeriketa Taldea.
Mailaren araberako ordutegiak dituzte. Batzuk bizpahiru egunetan entrenatzen dira, beste batzuk bost egunetan, eta federatuen taldea seitan. “Guk baditugu kale batzuk kiroldegiak egokituta, baina igerilekua beterik badago jendea beste kaleetan sartzen da, eta guk hori ulertzen dugu; erabiltzaile moduan igerilekura doanak igeri egin gura du. Igerileku bakarra dago pila bat jenderentzat, eta badakigu herriak ere seguru asko beste lehentasun batzuk dituela igerileku bat egin edo dagoena handitzea baino, baina, aldi berean, eskatzeko beharrizana ikusten dugu. Ez gara kabitzen”.
Beste kirol batzuekin alderatuta, herriari begira igeriketa apur bat ezkutuan geratzen da. Baina makina bat jende mugitzen du. Bizkaia mailan eskolartekotan bakarrik 30 talde daude. “Eskolartekoan 50 ume inguru ditugu. Konpetizioetan bospasei talde elkartuta, igerilariak eta haien senideak kontuan hartuta jendetza batzen da. Eta, hala eta guztiz, ez du ia oihartzunik”.
Esaterako, Bizkaiko zein Euskal Herriko txapelketetan emaitza oso onak lortu zituzten aurreko denboraldian: “Bizkaiko Txapelketara aurten pila bat joan dira; askok irabazi dute, eta Bizkaiko txapeldun izan dira, eta Euskal Herriko Txapelketan parte hartzeko eskubidea lortu dute. Era berean, aurten Espainiako Txapelketara heldu dira hainbat; alebinetan bi joan ziren Bartzelonara, eta batek brontzezko domina irabazi zuen. «Hori Kosnoaga moduko talde batentzat da Athleticentzat Championsa irabaztea legez, itzela da”.
Diziplina itzela daukate, “engantxatuta daude denak”. Igerirako izugarrizko gogoa daukate, eta hori entrenatzaileek lortu dutela nabarmendu dute. “Dominak irabaztea edo txapeldun izatea ez da guk bilatzen duguna; baina taldean kalitatea dagoela adierazten digu. Guk eurak igeri egiten ondo ikasita, gustura egotea gura dugu”.
Bizimodu osasuntsua daramate, eta talde harremana asko lantzen dute. Giro sanoa dute. “11 urteren ondoren, taldea sendo ikusten dugu, baina mugatuta gaude; ezin gara garatu talde moduan. 100 igerilaritik gora eduki ahalko genituzke. Nahiko genuke gehiago egin, baina… Ez daukagu beste aukerarik, momentuz, ez dugu irtenbiderik”.
Igerilekuetatik kanpo, federatuek udan itsas zeharkaldietan parte hartzen dute –ez dira talde moduan joaten–. Esaterako, Salome Campos, Getaria-Zarautz, Hondarribiko, Donostiako, Barakaldoko eta Plentziako probetan oso emaitza onak lortu dituzte euren kategorietan.
Igeriketa “bizitza osorako” kirola izanik, ume eta gazteak kirola eginez gozatzea da eurentzat garrantzitsuena. “Igeriketa gauza aberasgarria da. Gizarte osasuntsua lortzea beti landu behar den kontua da. Inbertsio bat da”.