Kultura bonuak astelehenetik aurrera eskuratu ahal izango dira
Bizkaian 12.750 bonu aterako dituzte, eta Gipuzkoan, berriz, 8.854. Euskarazko zein beste hizkuntzetako produktuak erosteko erabili ahalko dira aurten ereBizkaiko Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren kultura bonuak astelehenean jarriko ditu...
Bizkaian 12.750 bonu aterako dituzte, eta Gipuzkoan, berriz, 8.854. Euskarazko zein beste hizkuntzetako produktuak erosteko erabili ahalko dira aurten ere
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren kultura bonuak astelehenean jarriko dituzte salgai.Bizkaian abenduaren 11tik urtarrilaren 28ra arte erosi ahalko dira (arinago agortuko ez balira). Hiru bonu mota edo maila daude: 24 eurokoa, 28 eurokoa eta 32 eurokoa. Herritarrek kopuru horiek ordainduta, 40 euro gastatu ahalko dituzte, urtarrilaren 31 bitartean. Banketxeko txartel bakoitzagaz gehienez mota bakoitzeko lau bonu erosi ahalko dira. Bizkaitarren artean kultura sustatzeko asmoz, 12.750 bonu aterako dituzte. Zehatz esateko, 32 euroko 3.750 bonu, 28 euroko 6.000 bonu eta 24 euroko 3.000 bonu jarriko dituzte.
Disko eta liburuak erosteko, museoak bisitatzeko, zuzeneko emanaldiez gozatzeko edo bestelako kultur produktuak kontsumitzeko aukera eskainiko du aldundiak, beste urte batez.
Hain zuzen, bosgarren urtea da Bizkaiko Kultur Txartela ateratzen dutela, eta Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak ekimen horren garrantzia nabarmendu du: «Bultzada nabarmena ematen dio kulturari Gabon inguruan. Bizkaiko Kultur Txartela ekimenari esker, sektoreak esaten duenagatik ia laukoztu egiten da salmenten kopurua. Kulturak balioak sortzen ditu, baina batzuetan ahaztu egiten duguna da eragile ekonomikoa ere badela, eta horregatik kultur ekoizpena babestea erabaki dugu. Eta garrantzitsutzat hartzen dugu kultur ondasunen kontsumoa bera ere sustatzea, azken batean industria horri berezko bultzada ematen diolako».
Sektoreari lagundu
Bizkaiko Foru Aldundiak 150.000 euro bideratuko ditu ekimen honetarako, eta Kutxabankekin eta CECOBIrekin (Bizkaiko merkatari elkarteek osatutako irabazi asmorik gabeko erakundea) lankidetzan burutuko du. Euskara eta Kultura diputatuaren berbetan, ekimenagaz azken urteotako krisi ekonomikoak «bereziki kaltetutako» sektore bati lagundu nahi dio aldundiak: «Izan ere, sektore honetan BEZaren igoera kultur produktuen kontsumoagaz alderantziz proportzionala izan da. Arrazoi hori dela eta, administrazio publikoen laguntza sektorea sustatzeko funtsezko elementua da».
A motako txartelagaz (32 euro) gaztelaniazko nahiz atzerriko hizkuntza bateko edozein kultur produktutan aldatzeko aukera izango da, esaterako: liburuak (testu liburuak edo profesionalak izan ezik), musika edozein euskarritan eta zinema DVDan edo beste euskarriren batean.
B motako txartela (28 eu- ro) Bizkaian gaztelaniaz nahiz atzerriko hizkuntza batean antolatutako zuzeneko kultur ikuskizunetarako sarrerak erosteko izango da (musika, dantza, antzerkia eta zinema), eta baita museoak bisitatzeko ere.
D motako txartela (24 euro) euskarazko produktuetarako eta euskarazko zuzeneko kultur ikuskizunetarako izango da.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak 8.854 kultura bonu jarriko ditu salgai, eta urtarrilaren 15era arte erabili ahalko dira. Horietatik 3.542 euskarazko produktuak eskuratzeko izango dira, eta 5.312 bonu beste hizkuntzetakoak erosteko.
Bonu guztiek 20 euro balio dituzte, baina euskarazko materiala erosterakoan 12 euroko deskontua edukiko dute herritarrek, eta beste hizkuntzetakoe- tan, ordea, 8 eurokoa izango da deskontua.
Gipuzkoako 20 udalerritako 51 dendatan eskuratu ahalko dira liburuak, diskoak eta DVDak. Mutrikun, esaterako, bi lekutan gastatu ahalko dira bonuak.
Ekoizpena eta sorkuntza
Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak bonuak ahalik-eta pertsona gehienek baliatu ahal izatea eta Gipuzkoa osoko merkataritza bultzatzea lortu nahi dutela azaldu du: «Kultura premia biziko ondasuna dela eta ez luxuzkoa aldarrikatu nahi dugu. Eguberriei begira, kulturarekin gozatzea sustatu, saritu eta fideli- zatu nahi da, eta liburu eta disko dendek osatzen duten merkataritza eta banaketa sarea indartu eta babestu. Izan ere, kultur produktuen eskaintza zabala eskaintzen dute, bizi garen gizarte moderno eta kulturaniztasun honi dagokion bezala».
Itxasok zehaztu duenez, kulturaren salmenta sustatzeaz gain, euskal kulturaren ekoizpena eta sorkuntza bultzatzea da aldundiaren helburua.
Era berean, ongizate eta gizarte kohesioaren eredua kulturaren inguruan sendotzea, kultur sektoreko enpresak indartzea eta eredu kultural jasangarriago, parte hartzaileago eta eraldatzaileago bat lortzeko zereginean aurrera egitea lortu nahi dute.