Urteroko hitzorduari eutsiko dio beste urte batez
Sollube 707 mendizale taldeak. Hutsik egin barik, hortaz,
jaiotza jartzera hurbilduko dira Bermeoko
Burgo mendira. Urtero egin legez, mendizaleek
irteera antolatu dute barikurako; 09:00etan jarri dute ordua, Atalde kaleko
Artike enparantzan. Handik elkarrekin egingo dute Burgorako bidea.
Umeak ikurrina altxatzen, iaz. Argazkia: Sollube 707
Gurasoek seme-alabekin batera egiteko irteera “polita eta erraza” dela diote mendi taldekoek. Hainbat izaten dira, gainera, urtero parte hartzera animatzen diren ume eta nagusiak; “elkarrekin, ondo pasatzeko aukera ematen baitu”.
Mendi
tontorrera igota, ikurrina altxatu eta jaiotza jarriko dute; ondoren, indarrak berreskuratzeko
txistorrada egingo dutela azaldu dute antolatzaileek. Eguraldi ona egiten badu, Burgon bertan egingo dute txistorrada. Euria egingo balu, baina, Mañuko frontoira jaitsi, eta han egingo luketela esan dute.
Familian egiteko irteera polita dela iritzita, herritarrak animatu dituzte parte hartzera.