Marijesien topaleku bilakatuko da zapatuan Gautegiz Arteaga; bertan batuko baitira Bizkaiko zenbait marijesi talde. Hain justu, Andra Mari eliza izango da abeslari guzti horien elkargunea 19:00etatik aurrera. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, honakoak izango dira zapatuko saioan parte hartuko dutenak: Gautegiz Arteagakoak, Eakoak, Gernika-Lumokoak, Ibarrangelukoak, Lekeitiokoak, Ariatzakoak (Muxika) eta Iurretakoak.
Herri bakoitzak bere eran mantentzen du antzinatik datorren ohitura; Ean, Gernika-Lumon eta Gautegiz Arteagan, esaterako, Gabon aurreko bederatzi egunetan ateratzen dira abesten kalera, eta gainomtzekoetan, egun bakarrean. Koplak eta doinuak ere herri bakoitzaren araberakoak izaten dira; baina guztiak dira Gabonak iragartzeko balio dutenak.
Errotutako ohitura. Zapatuan, aipatu taldeek banan-banan abestuko dituzte beraien koplak. Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkatearen arabera, “marijesien ohitura aspaldidanik dator eta ondo errotuta dago herrian”. Belaunaldiz belaunaldi mantendu den ohitura dela nabarmendu du eta Gabon bueltan herrian giro polita sortzen duela deritzo. Hala, argi dauka herritarrek arreta handiz hartuko dutela zapatuko topaketa.
Gernika-Lumoko Marijesiak, bestalde, bederatziurrenera begira dira, eta entseguetarako egunak zehaztu dituzte. Gaur eta bihar bilduko dira Andra Mari Koralaren lokalean horretarako, 20:00etatik 21:00etara bitartean.