'Eszterren ondarea' liburua landuko dute Bermeoko irakurleen txokoan
Abenduko irakurleen txokoa ere iritsi da. Jakinarazi dutenez, Sandor Marai idazlearen Eszterren ondarea liburua landuko dute hilabete honetan.
Irakurleen txokoko parte hartzaileak hileroko hirugarren eguenetan batzen dira, oraingoan, baina, eguna aldatu egin dute. Azaldu dutenez, datorren martitzenean batuko dira, hori bai, leku eta ordu berdinean, 18:30etik 20:00etara bitartean, udal liburutegiko 3. solairuan.
Liburutegian eskatu. Martitzeneko irakurleen txokoan parte hartu gura dutenek, udal liburutegian bertan eskatu ahal izango dute irakurri beharreko liburua, eta ordurako irakurrita eroan beharko dute. Modu horretan, aurten dinamizatzaile lanak egiten ari den Arrate Egaña idazlearekin liburua lantzeko aukera edukiko dute.
Ikasturte bakoitzean zortzi liburu irakurri eta haiei buruz berba egiten dute, datorren martitzenekoa ikasturteko hirugarrena izango da.
Irakurleen txokoagaz euskarazko literaturaren irakurzaletasuna sustatu eta euskaraz idazten duten idazleak ezagutzera eman gura dituzte. Era berean, parte hartzaile guztiak gustura egotea lortu gura dutela azaldu dute.