Abenduaren 11tik
urtarrilaren 28a arte erosi ahalko dira (arinago agortzen ez badira). Hiru bonu mota edo maila daude: 24 eurokoa, 28 eurokoa eta 32 eurokoa. Herritarrek kopuru horiek ordainduta, 40 euro gastatu ahalko dituzte, urtarrilaren 31 bitartean.
Banketxeko txartel bakoitzagaz gehienez mota bakoitzeko lau bonu erosi ahalko dira. Bizkaitarren artean kultura sustatzeko asmoz,
12.750 bonu aterako dituzte. Zehatz esateko, 32 euroko 3.750 bonu, 28 euroko 6.000 bonu eta 24 euroko 3.000 bonu jarriko dituzte.
Disko eta liburuak erosteko, museoak bisitatzeko, zuzeneko emanaldiez gozatzeko edo bestelako kultur-produktuak kontsumitzeko aukera eskainiko du aldundiak beste urte batez. Hala, papergintzako artikuluak, informatika eta elektronikako ekipo, software eta kontsumigarriak, jokoak eta bideo-jokoak ez daude programa honen barruan.
Hain zuzen,
bosgarren urtea da Bizkaiko Kultur Txartela ateratzen dutela, eta
Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak ekimen honen garrantzia nabarmendu du: “Bultzada nabarmena ematen dio kulturari Gabon inguruan. Bizkaiko Kultur Txartela ekimenari esker, sektoreak esaten duenagatik ia laukoztu egiten da salmenten kopurua. Kulturak balioak sortzen ditu, eta sarri esaten dugu, baina batzuetan ahaztu egiten duguna da eragile ekonomikoa ere badela, eta horregatik foru erakundean kultur ekoizpena babestea erabaki dugu. Eta garrantzitsutzat hartzen dugu kultur ondasunen kontsumoa bera ere sustatzea, azken batean industria horri berezko bultzada ematen diolako”.
Bizkaiko Foru Aldundiak
150.000 euro bideratuko ditu ekimen honetarako, eta Kutxabankekin eta CECOBIrekin (Bizkaiko merkatari elkarteek osatutako irabazi asmorik gabeko erakundea) lankidetzan burutuko du. Euskara eta Kultura diputatuaren berbetan, ekimenarekin azken urteotako krisi ekonomikoak “bereziki kaltetutako” sektore bati lagundu nahi dio aldundiak: “Izan ere, sektore honetan BEZaren igoera kultur produktuen kontsumoarekin alderantziz proportzionala izan da. Arrazoi hori dela eta, administrazio publikoen laguntza sektorea sustatzeko funtsezko elementua da”.
BIZKAIKO KULTUR TXARTELAREN 3 MAILAK:
- A motako txartela (32 euro). Gaztelaniazko nahiz atzerriko hizkuntza bateko edozein kultur produktutan aldatzeko aukera izango da, esaterako: liburuak -testu liburuak edo profesionalak izan ezik-, musika edozein euskarritan eta zinema DVDan edo beste euskarriren batean.
- B motako txartela (28 euro). Bizkaian gaztelaniaz nahiz atzerriko hizkuntza batean antolatutako zuzeneko kultur ikuskizunetarako sarrerak erosteko izango da (musika, dantza, antzerkia eta zinema), eta baita museoak bisitatzeko ere.
- D motako txartela (24 euro). Euskarazko produktuetarako eta euskarazko zuzeneko kultur ikuskizunetarako izango da.