Jaio da; indartsu jaio da. Hazia zena hazten ari da; loratzen ari da. Lana egiteak badakar bere emaitza, zaintzen denak ematen dituen bezala bere fruituak. Janguriek hala erakutsi du; elkarlanean hazi egin daitekeela, indarberritu daitekeela.
Atzera begiratu eta markatutako bide bat ikus daiteke; hasiera eta helmuga bat duena, norabideak seinaleztatuta daudena. Baina bide hori egin egin behar da, eta bertatik igaro. Bide horren hasierari so, jende andana ikus daiteke, ilusioz eta gogotsu;?aldaketaren griña eta premia daukatenen irudiak dira. Egoera ezberdina bizi dutenak baina helburu bera dutenak dira; eskualdeko ikastetxe eta institutuetako jantoki eredua aldatzea.
Eta ideia hortatik sortu da Jangurie Urdaibako Eskola Jantokien Ekimena. Ikasleek osasuntsu janda, eskualdeko lehen sektorea suspertzea eta eskualdearen jasangarritasuna bermatzea dituzte helburu. Eta hori lortzeko bidean, pausoak ematen dabiltza. Azaroaren 18an, esaterako, aurkezpena egin zuten ekimenak batzen dituen hezkuntza zentroetako guraso, ume, irakasle eta langileek Gernika-Lumoko Merkatu Plazan. Eta joan den zapatuan, egun osoko jaialdia egin zuten. Egun horretako «balorazio positiboa» egin dute, eta egun hori «hunkigarria eta polita» izan zela esan dute ekimenaren bultzatzaileek. Ume zein nagusi, 350 lagun baino gehiago batu ziren Astran bazkaltzeko. Hilabete eta bilera askoren ostean, ekimena publiko egitea gura zuten, eta hala egiteko aukera aprobetxatu zuten zapatuan.
Jendearen «gogoa». Ekimeneko kideen esanetan, zapatuan ikusi zuten jendeak «gogoa eta indarra duela jantoki eredua aldatzeko eta, tokikoa kontsumituz, bertoko ekonomiari bultzada emateko». Bertoko elikagaietan oinarritutako «jantoki osasuntsu, jasangarri eta hezitzaileen» aldeko apustua egiten dute, eta zapatuko menua ere Busturialdeko ekoizleen produktuekin egin zuten.
Bazkariaz gain, umeen dantza erakustaldia, hamaiketakoa, batukada saioa, tailerrak eta kontzertuak izan ziren, besteak beste, aukeran, zapatuan. Guztira, 90 bat boluntariok parte hartu zuten, eta horien laguntza eskertu gura izan dute; «horien ekarpenagaz aurrera joko dugulako».
Zapatukoaren ostean, baina, lan egiten jarraitzeko momentua dute; izan ere, aurrerantzean, alderdi politiko, sindikatu eta instituzioekin harremantzen jarri beharko dituzte indarrak; «beraien laguntza ezinbestekoa baita».
Bide «luzea» izango dela aurreikusten badute ere, finkatutako helburuak «lorgarriak eta egingarriak» direla deritze, eta bide «polita» ere izango dela uste dute. Hala ere, esfortsua beharrezkoa izango dela diote; «guk jarri dugu gure esfortsua mahai gainean, orain beste batzuena falta da, hala, denen artean helburuak lortu ahal izateko».
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.