Gernika-Lumoko taldeak
76-55 irabazi zion IDK Gipuzkoari zapatu arratsaldean. Eguaztenean
EuroCupari agur esan ostean, Dia Ligan buru-belarri aritzeko momentua heldu zaie jokalariei. Hala, Erregina Kopa lehiatzeko sailkatzea da talde gernikarraren hurrengo erronka.
Atzo izan zen Euskara Eguna, eta zapatu arratsaldean euskeraren erabileraren aldarrikapena egin zuten Malosten.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Zapatuan derbietan normala izaten den giro berezia izan zuten Malosteko harmailetan.
Partidu serioa jokatu zuen etxeko taldeak. Talde gipuzkoarreko Weaver, Sarr eta Alleyne jokalariak ondo zainduz, hasieratik defentsa lan sendoa burutu zuten etxekoek. Erasoan ere lan bikaina egin zuten; esaterako, Alston azken hilabetean baino biziago aritu zen, eta Pinak ere saskiratzeekin gozatu zuen.
Neurketa hasi eta sei minutura 13-7 aurretik zen Lointek. Bi taldeek
erritmo bizia erakutsi zuten kantxan. Etxeko taldea hamar puntuko aldeagaz egon zen une batez (19-9), baina lehen laurdena amaitzeko aldea murriztea lortu zuen talde donostiarrak: 19-13. Baina, bigarren laurdenean Lointekek bere nagusitasuna ezarri zuen; dozena bat puntuko aldeari eutsi zion. Izan ere, defentsan zein kontraerasoan bikain aritu zen. IDK Gipuzkoa ere ahalegindu zen, eta horren adibide da 1-9ko partziala. Hala ere, ahaleginak ez ziren nahikoa izan eta 32-23ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira.
Maria Pina baloiagaz.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Mario Lopezen neskek bazekiten garaipena ziurtatzeko lehen zatiko
intentsitatea eta jokoa mantendu behar zutela bigarrenean ere, eta ez zuten hutsik egin. Gainera, talde gipuzkoarra distira eta bizitasun gutxiagogaz aritu zen. Weaver, Sarr eta Alleyne ikusezinak ziren; Erauncetamurgil izan zen IDK Gipuzkoako onena, baina bakarrik zegoen. Halaber, zenbait minututan etxeko jokalariak kantxan deseroso sumatu ziren.
50-38ko markagailuagaz heldu ziren azken txanpara. Lointekeko jokalariek aurkariei min egiten jarraitu zuten, eta Pina, Alston eta Caldwellen saskiratzeekin gozatu zuten etxeko zaleek.
ALBISTE HONEKIN LOTUTA:
Amaitu da Europako ametsa