Ertzaintzak 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuen zapatuan, Bermeon, genero indarkeria eta sexu erasoa egotzita. Zapatuan, goizeko 08:00etan atxilotu zuten ustezko erasotzailea, eta domekan jarri zuten epailearen esku. Azken horrek gizonezkoaren kartzelaratzea agindu zuen. Biktimak ustezko erasotzailearen kontrako salaketa jarri duela jakinarazi du Ertzaintzak.
Asteburuko sexu erasoa salatzeko kalera atera dira gaur iluntzean bermeotarrak, eta Bermeoko Udalak, Erroxape Emakumeen Elkarteak eta Sareginek Bermeoko Feministen Sareak deitutako elkarretaratzeagaz bat egin dute. Taraskan batu dira protesta egiteko;
Emakumeenganako indarkeriari ez lelopean.
Bete egin dute plaza bertaratutako ehunka bermeotarrek. Ertzaintzak azaldu duenez, biktimaren bikote ohia den ustezko erasotzaileak biktima eta haren lagun bat bat-batean erasotu eta autora sartzen derrigortu zituen zapatuan, taberna batetik ateratzen zeudela.
Bertatik industriagune batera eraman zituen; han biktima erasotzen jarraitu zuen. Biktimagaz zegoenak erasotzaileari bere jarrera leporatu zion, eta mehatxupean, ezbeharra gertatu zen lekutik ihes egin behar izan zuen. Erasotzaileak, bitartean, sexu-harremanak izatera behartu zuen biktima ibilgailu barruan.
Lekukoak abisua eman zuen, eta Gernika-Lumoko ertzain etxeko poliziek erasotzailea bilatzeari ekin zioten. Industrialdera joan eta bertan aurkitu zituzten ustezko erasotzaile eta biktima, auto barruan.
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak, “gogor” salatu du asteburuko sexu erasoa, eta biktimari Bermeoko herria eta udalaren “elkartasuna eta babesa” adierazi gura izan dio: “Eraso hauek emakume guztien kontrako erasoak dira, onartezinak dira eta gaitzetsi egin behar dira. Ez dugu onartuko gure herrian emakumeen kontrako inolako erasorik egotea”.
Alkatearen arabera, kasu hauek “gogortasunez” salatu behar dira; “emakumeen aurkako indarkeria genero desberdintasunen adierazpen larriena da, eta emakume izate hutsagatik emakumeek pairatzen duten indarkeria onartezina da”.
Hala, Bermeoko Udalaren ustez, “ezinbestekoa” da herriak sexu erasoak salatzea, “erasoak onargarriak ez direla” argi uzteko, “ez Bermeon ezta beste inon ere”. Indarkeria matxistari aurre egitea jendarte osoaren ardura dela uste dute udaletik, “indarkeria kasuak identifikatu eta gainditzeko neurriak hartuz”, nabarmendu du alkateak.
Udalak, Sareginek eta Erroxapek herritar guztiak deitzen dituzte elkarretaratzean parte hartzera, “indarkeria matxistari aurre hartzea guztion ardura delako”.
Zapatuan, Sareginek Bermeoko feministen Sareak deituta, elkarretaratzea egin zuten, Lamerako harrizko bankuan.
Emakumeon aurkako erasorik ez lelopean egin zuten protesta. “Haserre” agertu ziren Sareginek, eta “ez direla isilduko” esan zuten elkarretaratzea amaitzerakoan. Babesa agertu zioten biktimari, eta gaurko elkarretaratzerako deia egin zuten.