Euskararen Eguna izan zen atzo. Urte guztian euskaraz dihardutenentzat, ospakizunez gozatzeko eguna izan zen, eta herrietan prestatutako ekimenetan pozik parte hartu zuten.
bariku arratsaldeko Busturiko topaketa. Argazkia: Iratxe Garmendia
Askok Euskaraz bizi nahi dut leloa duten banderolak jarri zituzten balkoi edo
leihoetan, beste batzuek, berriz, sare sozialetan euskara aldarrikatu zuten. Keinu horiek guztiak, hala ere, ez dira nahikoak izango gaur, berriz ere, erdarara itzultzen badira.
UEMAk argitaratutako azken datuen arabera, euskararen erabilera beherantz egiten ari den uneetan hizkuntza sustatzen saiatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte asteburuan.
Gernika-Lumon, esaterako, barikuan, hamaika orduko irakurraldia egin zuten, Elai-Alain. Bernardo Atxagaren Obabakoak irakurri dute aurten.
Bariku arratsaldean ere, Busturian, euskararen erabilera sendotu eta sustatzen jarraitzeko, hurrengo urteetarako helburuak eta pausoak adosten hasi ziren herritarrak, Ahize-AEKren laguntzarekin; 120 proposamen baino gehiago jaso zituzten. Domekan, berriz, oraintsu zendutako Julen Kaltzada izan zuten gogoan. 200 bat lagun hurbildu ziren Axpe auzoko Aingerubide kultur etxera, eta omenaldi hunkigarria egin zioten Kaltzadari. Bestalde, herriko elkarte, eskola eta tabernek 2017rako adostutako euskararekiko konpromisoen bideoa ikusteko aukera egon zen.
Bermeon, barikurako aurreikusita zegoen Jakoba Errekondoren hitzaldia bertan behera geratu zen, eguraldi txarragatik, Errekondo ezin baitzen Bermeora iritsi. Domekan, hala ere, Lamera bete egin zen Euskaraz Bizi Nahi Dut ekimenean parte hartzeko. Goizean goiz atera ziren mendizaleak, mendi ibilbidea egiteko, eta 13:00etako ekitaldirako Lameran egon ziren. Ekitaldian, irrintziak eta bertsoak bota zituzten, txalaparta doinuak entzun ziren, Euskararen eguneko adierazpena irakurri zuten, eta abesten aritu ziren bertaratutako guztiak. Gainera, Santa Eufemia eta Andra Mari jaietan famatua egin zen Miñen Puntiegaz abestiari, pausoak jarri eta koreografia bat egin zuten.
Aipatu ekitaldian, bestalde, Bermeoko Berbalagun egitasmoak udaberriko lehiaketaren saria banatu zuen. Jose Luis Luzarragak jaso zuen Errigoraren saskia. 157 erantzun jaso dituztela azaldu dute Berbalagunetik.
Bertaratutako guztiek, bestalde, arraunean egiteko aukera eduki zuten, arraunaren txokoan.
Ean, ispiluari begira tailerrean parte hartzeko aukera eduki dute, bai eta euskararen kale erabileraren datuak ezagutzeko aukera eduki ere.
Herri kirolak, ipuin kontalariak, aurkezpenak, dantzak.. .egon dira aukeran eskualdean, Euskararen Eguna ospatzeko.