Giza katea egin zuen Gernika-Lumoko Sarek bariku iluntzean. Herriko kaleak zeharkatuz, euskal presoen egoera konpontzeko eta auzian aurrerapausoak emateko gizartearen inplikazioa ezinbestekoa dela esan zuen. Abenduaren 9an Parisera joateko deia egin zuen Sarek, egun horretan Frantziako hiriburuan egingo duten mobilizazioa ahalik eta jendetsuena izateko. Hain zuzen, hurrengo asteburuko ekimena zenbat eta masiboagoa izan, helburua eskuragarriago egongo dela aipatu zuten.
Euskal presoei aplikatzen dizkieten salbuespeneko neurriek kartzeletan sakabanatuta dauden euskal herritar horien eskubideak urratzen dituzte, eta bertan behera uzteko aldarrikatuko dute Parisen. Hain zuzen, PSP (Partikularki Seinalaturiko Presoa) estatutua aplikatzen utz dezatela, presoen hurbilketa eta elkartzea, gaixo dauden presoak askatzea eta baldintzapeko askatasuna ematea exijituko dute.
Sareren ustez, gizartea izan behar da presoen auziari konponbidea emateko motorea, eta jendartearen determinazioa erabakigaria izan daitekeela aipatu du. Hala, elkarlanerako eta abenduaren 9ari begira dinamika anitzak bultzatzearen alde lan egiteko deialdia luzatu du, konplizitatea eta elkarlana sortzen laguntzeko.
Bideoa ikusgai: Busturialdea Hitza Facebookeko orrialdean eta Instagramen