Busturialdeko eskolen arteko
elkarlana nabarmendu dute Jangurie ekimeneko kideek. Eskualdeko hamasei ikastetxe eta institutuk jantoki eredua aldatzeko sortu da
Jangurie Urdaibako Eskola Jantokien Ekimenagaz bat egin dute. Egun osoko
jaialdia egin dute gaur, eta balorazio
positiboa egin dute. Ume zein nagusi,
350 lagun batu dira Astran bazkaltzeko eta egun osoko egitaraua prestatu dute.
Ekimeneko kideen esanetan, gaur ikusi dute jendeak gogoa eta indarra baduela jantoki eredua aldatzeko eta, tokikoa kontsumituz, bertoko ekonomiari bultzada emateko. Bertoko elikagaietan oinarritutako “jantoki osasuntsu, jasangarri eta hezitzaileen” aldeko
apustua egiten dute, eta gaurko menua ere Busturialdeko ekoizleen produktuekin egin dute.
Ikasleek osasuntsu janda, eskualdeko lehen sektorea suspertzea eta
eskualdearen jasangarritasuna bermatzea helburu duen ekimenak
azaroaren 18an egin zuen aurkezpena. Urdaibaiko Biosfera Erreserban egonik, ume eta gazteen elikadura bertoko inguruneagaz hobeto uztartzeko pauso garrantzitsuak eman ditzaketela uste dute.
Hala, tokiko
ekonomia bultzatuz eta bertoko elikagaietan oinarrituta, “jantoki osasuntsu, jasangarri eta hezitzaileen” aldeko apustua egin dute, jantokietako langileen lan baldintzak zainduz eta ahal duten neurrian hobetuz.
Gernika-Lumoko Merkatu plazan egin zuten aurkezpena, eta hainbat lagun bildu ziren. “Badakigu helburu hauek ez ditugula berehalakoan lortuko. 16 ikastetxe gara bakoitza bere errealitateagaz, eta bakoitzak erabakiko du adostutako helburuak lortzeko bere erritmoa. Honez gero asko lortu dugu; batetik Urdaibaiko eskola guztien arteko elkarlana, eta bestetik bertoko jantoki eredu jasangarri eta osasuntsua gizarteratzea. Gure helburuak lortuko ditugu”, azpimarratu zuten.